ERREPIDEAK

Etzegarateko bidesaria 2017 hasierarako jarri nahi dute indarrean

Diputazioak berretsi du kamioilariei bidesaria jarriko dietela N-1ean. Deskargako obrak bukatzea izango da beste ardatza.

Etzegarateko gaina, elurtuta, aurtengo otsailean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko irailaren 17a
07:52
Entzun

EAJren aurreko agintaldiko proiektuari helduko dio Gipuzkoako Foru Aldundiak berriro: kamioientzat bidesaria jarriko dute Etzegarateko mendatean, N-1 autobidean. Diputazioaren tesia da Gipuzkoa Europako pasabidea denez eta kamioi ugarik igarotzen dutenez herrialdea, haiek ere parte hartu behar dutela errepideen gastua pagatzen.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi du bi helburu dituela bidesaria Etzegaraten jartzeak. Batetik, diru sarrera izango litzateke errepideetara bideratzeko; bestetik, “zirkulazioa bideratzen” lagunduko luke, kamioiak beste errepide batzuetatik ere joanda.

Gai gatazkatsua da zer gertatuko den bertako garraiolariekin. Oiarbidek azaldu du dagoeneko eduki dituztela bilera batzuk, eta aztertzen ari direla “beste bide batzuk” bilatzea bertako kamioilariek eta kanpokoek berdin pagatu behar ez izateko. “Ez da erraza, ordea”. Europako Batasunaren zuzentarau bat dago bidesarietan bereizketa egitea galarazten duena.

Bidegiren jarduna ere hizpide izan du Oiarbidek. Ukatu egin ditu aurreko aldundiaren ohartarazpenak, Bidegi egoera ekonomiko larrian dagoela. Diputatuak nabarmendu du “oso emaitza onak” izan dituela sozietate horrek, eta ez dagoela arazorik. “Bideragarritasuna ez dago kolokan. Ez du diputazioaren aurrekontutik dirurik beharko”.

Bidegiren auzia da agintaldiko beste gaietako bat. Aurreko diputazioak sustatuta, instrukzioan dago auzia. Oiarbidek ez du berritasunik eman hor. Aldundiak bere abokatuak izendatu ditu “aldundiaren interesak defenditzeko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.