Kantonamendu bakoitzeko kontseilari bikotea zein izanen den hautaturik, Departamendu Kontseiluak barnetik nola antolatuko dituzten erabakitzea gelditzen zaie orain bertako kide berriei. Eta garrantzitsuena: Georges Labazee gaur egungo presidentea nork ordezkatuko duen hautatzea. Instituzioaren izenarena izan da, dena den, lehen aldaketa: kontseilu nagusi deitzen zirenak, hain zuzen, departamendu kontseilu deituko dituzte orain.
Pirinio Atlantikoetan UMP-Force 64-UDI eskuin eta zentroko akordioak lortu du gehiengo osoa, eta 54 kontseilarietatik —orotara 27 kantonamendu dira, eta bakoitzetik bi kontseilari— 32 izanen dira eskuin edo zentrokoak departamenduan. Ezkerrak 20 eserleku izanen ditu, eta bi talde nagusi horietatik at geldituko dira, printzipioz, Fabienne Aiensa eta Alain Iriart.
Lasserre hautagai nagusi
Etzi eginen dute presidentetzarako bozketa, Pauen (Okzitania), baina erabakia aitzinetik hartua dago ia. Jean Jacques Lasserre zentrista da eskuineko akordioak proposatzen duen hautagaia, eta sorpresarik izan ezean, hari emanen diote eskuineko 32 kontseilariek boza. 2001etik 2008ra hura izan zen Pirinio Atlantikoetako burua, beraz, kargura itzuliko litzateke. Ezkerrak ez du presidentetzarako hautagairik proposatu, oraingoz, eta Iriartek eta Aiensak ez dute argitu beren postura. Iriart kontseilaria izana da aitzineko legealdian, baina orain arte ez zen EH Bairen barnean aurkeztu, eta eskuinaren alde bozkatu zuen 2008an. 2011n Labazee presidente izendatu zutelarik, berriz, zuri bozkatu zuen, baina ez zen eskuinarekin lerrokatu. Ikusteko dago zer eginen duen etzi, baina, nolanahi ere, abertzaleen boza ez da erabakigarria izanen bozketan, baldin eskuineko guziek akordioaren irizpideari segitzen badiote.
Presidentea izendatzeaz gain, batzordeen osaera eta presidenteordeak ere hautatu beharko dituzte ortzegunean. Lehen aldiz parekidea izanen da kontseilua.
Departamenduetako bozak. Bigarren itzulia
Etzi hautatuko dute Pirinio Atlantikoetako presidente berria, Pauen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu