Eudelek bigarrenez ez du onartu kultura eta aisialdiko jardueren irizpideen dokumentua

Jaurlaritzak Osasun Sailarekin egokitutako txostena ez da aski izan EAEko udalen elkartearentzat. Aholku gutxi batzuk besterik ez dute jo ontzat; udalekurik ez da izango.

Irungo (Gipuzkoa) iazo udaleku batzuk. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko maiatzaren 14a
16:36
Entzun

Eudel EAEko udalen elkarteak bigarrenez ez du onartu Eusko Jaurlaritzak kultura, festa eta aisialdiko ekinbideen irizpideez prestatutako dokumentua, oraindik ere iritzi baitio osasun berme handiagoa beharko liratekeela igerilekuak eta bestelako azpiegiturak irekitzeko edota jarduerak egiteko. Eudelek gaur goizean egin du Jaurlaritzak asteon egokitu duen txostena aztertzeko bilera –telematikoa–, eta alkateek berriro esan dute azkeneko erabakiaren erantzukizuna ez dela eurengan utzi behar; partekatu egin nahi dute erabakia. Oinarrizko aholku gutxi batzuk baino ez dituzte jo ontzat; kasurako, udalekurik ez egitea.

Jaurlaritzak gaur zortzi zeukan dokumentua onartzeko asmoa, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak Eudeleko presidentearekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin, hiriburuetako alkateekin eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin Lehendakaritzan egindako bileran, baina Eudelek esan zuen ezin zuela onartu –egun bereko goizean egin zuen zuzendaritzako batzarra–, eta Osasun Sailaren txosten bat eskatu zuen. Jaurlaritzak herenegun helarazi zion; aurrekoa baino zehatzagoa da, baina ez da aski izan EAEko udalen erakundearentzat. Gaur goizeko bileran, EH Bilduko eta PSE-EEko alkateak ez dira onartzearen alde azaldu, eta EAJko alkate batzuek ere ez dute aldeko jarrera erakutsi. Hain zuzen, EAJko zortzi alkate, EH Bilduko bost eta PSE-EEko bi daude Eudeleko zuzendaritzan; Gorka Urtaran (EAJ) Gasteizko alkatea da presidentea, eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungo eta Nagore Alkorta (EH Bildu) Azpeitiko (Gipuzkoa) alkateak presidenteordeak.

Onartutakoa

Urtaranek proposatuta, «oinarrizko aholku batzuk» onartu dituzte, BERRIAk jakin duenez —Eudelek ez du oharrik atera—. Funtsean, hauek: kultur jardueretan kalean edo leku itxietan gehienez 250 lagun izatea, eserita beti, eta tokia gutxienez mila metro koadrokoa izanik; udalekurik ez egitea; eta udal azpiegitura estaliak itxita egotea, salbu liburutegiak –liburuak maileguan emateko– eta ekitaldi zehatzen bat egiteko auditoriumak. Datorren irailaren 15era arte iraungo dute aholku horiek, baina betiere berrikusteko moduan izango dira.

Horrez gain, Eudeleko zuzendaritzan erabaki dute udal teknikari batzuez osatutako lantalde bat osatzea, eta hark Eudeleko zuzendaritzari proposamen bat egingo lioke. Ez dute eperik zehaztu baterako zein besterako.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «normaltasun berri baterako trantsizio ordenatu bat» planteatu du Jaurlaritzak dokumentuan, eta, «bizitza publikoa bermeekin berreskuratu ahal izateko», «oinarrizko osasun irizpideak» proposatu ditu zenbait arlotarako. Idatzian dio bere Osasun Sailarekin kontrastatuta daudela neurriak, eta edozein erabakik beti egon behar duela infekzioaren bilakaeraren eta kutsaduraren mende, zeina «Osasun Sailak une oro monitorizatuko duen». Era berean, dokumentuak dakar irizpide komunak onartuz gero erakunde bakoitzeko arduradunek dagozkien erabakiak hartu ahal izango dituztela. Ordea, alkateek –hiru taldeetakoek– segurtasun eta berme handiagoa eskatzen segitzen dute.

Gaur arratsaldean bilera egin dute Jaurlaritzak eta Eudelek buruak-eta, Lehendakaritzan, eta ez dute erabakirik hartu.

Lehengo ostegueko bileran, «uda kulturala» ekainaren 1ean hastea proposatu zuen Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.