Maiatzaren 16an ekingo dio karguak berritzeko prozesuari, Elgoibarren egingo den bilkuran. Gaurkoan, estatutu berriak adostasun zabalez onartu ditu Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko udalak biltzen dituen elkartearen batzar orokorrak; abstentzio bakar batzuk izan ezik, gainontzekoek alde bozkatu dute. Gasteizko Europa Biltzar eta Erakusketa Jauregian izan da biltzarra.
Alderdi desberdinetako ordezkariek estatutu berriek ekarriko dituzten aldaketen garrantzia azpimarratu dute, baita EH Bilduk gobernu organoetan parte hartzeko hartu duen erabakia ere.
Imanol Landa Eudeleko presidenteak elkartearen “aniztasuna areagotu” izana nabarmendu du, eta balioa eman dio estatutuen aldaketak lortu duen babes zabalari. Landak adostasun zabala nahiko luke gaur indarrean jarri den Tokiko Erakundeen Legearen garapen eta interpretaziorako ere, eta horretara deitu ditu alderdi politikoak.
Landaren eskariarekin bat egin du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere. “Elkarlanerako prestutasuna” eskaini du, haren esanetan, Tokiko Erakundeen Legearen aplikazioan erakundeen arteko kolaborazioa ezinbestekoa” izango delako.
Eneko Maioz EH Bilduko Orexako alkateak, berriz, estatutu berriak Eudel eraberritzeko “lehen urratsa” direla adierazi du. Euskal Herrian udalgintzaren esparruan “aldaketa sakona” ematen ari dela uste du Maiozek, eta Udalgintzari egin dio aipamen. Euskal Herriko zazpi lurraldetako udalak biltzen dituen elkarteak “ateak irekita” dauzkala azpimarratu du. Hala, Eudelek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Iparraldean sortuko den lurralde erakundeak elkarlanerako esparruak bilatu behar dituztela uste du.
PSEk ere “aurrerapauso garrantzitsua” deritzo Eudelen eraberritzeari, Zumarragako alkate Mikel Serranok esan duenez. EH Bildu Eudelera “gerturatzea albiste ona” dela adierazi du. Horrez gain, eskertu egin du Zumarragako Arcelor Mittaleko lantegian ekoizpena mantentzearen alde Eudelek adierazitako babesa, .