Euriak arazoak sorrarazi ditu, eta zortzi pertsona zauritu dira errepidean

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astelehen gauean euria hasita, atzoko eguna oso euritsua izan zen, eta horrek hainbat arazo sortu zituen euskal errepide sarean. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, istripu ugari izan zen egun osoan, eta horietako sei nabarmenenetan zortzi pertsona zauritu ziren.

Istripuen artean arazo gehien sortu zuena Zaratamon (Bizkaia) gertatu zen, 11:30ean. Bi kamioik talka egin zuten BI-625 errepidean, eta, istripuaren ondorioz, zirkulazioa erabat itxita gelditu zen. Bi gidariak, 56 eta 33 urtekoak, Galdakaoko ospitalera eraman zituzten, eta haietako bat suhiltzaileek atera behar izan zuten ibilgailutik. Ertzaintzak Arrigorriagatik bideratu zuen zirkulazioa, eta egun osoan aritu ziren garabiak kamioiak errepidetik kentzen.

Gainerako istripuetan larriena Azkoitian (Gipuzkoa) gertatu zen, 08:00etan. Kamioi batek eta auto batek elkar jo zuteneta autoko gidaria, 18 urteko gazte bat, larri eraman zuten erietxera. Orion (Gipuzkoa), N-634 errepidean, furgoneta bat errepidetik atera eta ibaira irauli zen. Horren ondorioz, gidaria, 35 urtekoa, Donostia Ospitalera eraman zuten. Abadiñon (Bizkaia), Muxikan (Bizkaia) eta Barakaldon (Bizkaia) beste istripu bana izan zen.

Bestalde, gaurtik aurrera 011 telefono zenbakian emango dituzte errepideei buruzkoargibideak EAEn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.