Ekonomia zirkularrerako jauzia egin nahi du Europak. Horren adibide da parlamentuak gaurko osoko bilkuran bozkatu eta onartu duen baliabideen eragilera eraginkorrari buruzko txostena —Baliabideen erabilera eraginkorrari buruz: ekonomia zirkular batera aurrerapausoak ematea—. Sirpa Pietikainen Finlandiako Alderdi Popularreko kideak gidatutako Ingurumen, Osasun Publiko eta Elikagaien Segurtasunerako Batzordeak aurkeztutako testuak berrerabiltzea, konpontzea eta birziklatzea dauzka ardatz nagusitzat, eta «paradigma aldaketa» lortu nahi du. Aldaketarako neurriak, askotarikoak: 2020rako hondakin organikoak gaika biltzea derrigortuko du; hondakinak sortzen dituztenak tasa bidez zigortuko ditu; eta erraustegietan birziklagarriak direnak erraustea ekidingo du, bai eta zabortegietara botatzea ere. Horiek puntuetako batzuk. Baina badira gehiago ere: produktuen programatutako zaharkitzea arautzea eta eraikinen berrerabilpena hauspotzea, kasurako. Izan ere, «errotiko aldaketa» da eragin nahi dutena, zero zabor filosofiaren talaiatik.
Ingurumen Batzordeko 56 parlamentari testuaren alde azaldu ziren ekainaren 17an —beste bost abstenitu ziren eta beste bostek kontra egin zuten—, eta jakina zen gaur ere babesa izango zuela —emendakinen bat aurkezten duten jakitea baino ez da falta—. Berez, Ekonomia zirkular baterantz: zero hondakineko programa bat Europan txostenaren moldaketa da aurrera aterakoa. Zuzenketa bat. Bertsio are berritzaileagotzat jo dute aditu askok. Horrez gain, eta adostutakoa osatze aldera, hondakinen gaineko legearen inguruko proposamen zehatza egiteko eskatuko diote parlamentuko kideek batzordeari, urtea amaitu aurretik.
Klima aldaketa, desertifikazioa, baso soiltzea, bioaniztasunaren galera eta beste eragin ditu orain arteko ereduak, Ingurumen Batzordearen aburuz, eta horri eman nahi diote buelta. Ekoizpenak orain arte bezala jarraituz gero, bi planeta beharko lirateke 2030erako. Horra txostenean bildutako datua. Gainera, autonomiarekin ere badu zerikusia gaiak, munduko eskualde menpekoena da-eta Europa, baliabideei dagokienez; kontsumitzen dituen materialen %40 inportatzen ditu. Buruaskiagoa izateko bide orria ere bada, ondorioz.
Urtetik urtera, iraunkorrago
Hainbat epe ezarriko dituzte ekonomia zirkularraren printzipioak indarrean jartzeko. 2020rako, gaikako bilketa egon beharko da indarrean. Era berean, 2030erako, hiri hondakinen %70 eta ontzi arinen %80 birzikla daitezen da xedea. Halaber, zabortegira eramaten diren hondakinak urritzen joan beharko dute estatuek, hiru epetan —2020an, 2025ean eta 2030ean, alegia—; azkenean, zabortegietan deus botatzea debekatuko dute, hondakin arriskutsuen eta ekologiaren aldetik aukera onena den hondakinen kasuan salbu. Era horretan, 2050erako beranduenez, iraunkorra izan beharko du baliabideen erabilpenak.
Alabaina, kutsatzea zigortu egingo da, tasak jarriko baitituzte zabor gehien sortzen dutenentzat. Kutsatzen duenak ordaintzen du leloa aitatu du txostenak, neurrien azalpenean. Eta zigortzeaz gaindi, diru laguntzen auziari ere helduko diote: «ingurumenarentzat kaltegarriak diren diru laguntzak» bertan behera utziko dituzte. Zati biodegradagarria errausteagatik ematen direnak desagertuko dira, hori dela medio. Erraustegiek konpostagarriak edota birziklagarriak ez diren gaiak baino ezingo dituzte erraustu; hala, nabarmen txikituko da haien zeregina.
Estatistika, bat eta bakarra
Baliabideen ustiapenaren karietara ere mintzo da aurrera aterako den testua: «gutxitu» egin behar dela dio. Eta kateari beste katebegi bat lotuz, ustiapena ez dela hazkundearen sinonimotzat hartu behar oroitarazi du.
Produktuen bizitza. Horixe jorratutako beste arloetako bat. Ekoizleek iraupen luzeagoko produktuak ekoiztea nahi du Europak, eta programatutako zaharkitzearen kontrako neurriak iragarri ditu. Halaber, bigarren eskuko produktuen, birziklatutako produktuen eta konponketa jardueren BEZa jaistea adostuko du.
Itsas zaborra ere izan du aztergai txostenak, eta 2025erako %50 gutxitu nahi du, 2014ko kopuruarekin alderatuz. Elikagaien gaian, berriz, botatakoa 2025erako %30 murriztea da gakoa, batzordeak azpimarratu duenez. Eraikuntzaren aferan, 2050erako aurreikusitako azpiegitura guztiak jada existitzen direla nabarmendu du Batzordeak, eta eraberritzea sustatzea da asmoa.
Landutakoak bete daitezen, estatistika irizpide bateratuak mahai gainean jartzea da helburua. 2018tik aurrera egongo lirateke martxan, eta esportazio eta inportazioen kopurua, zein erabilitako zerbitzuen eta produktuen bizitzaren iraupena izango lituzkete kontuan, bai eta lorratz ekologikoa ere. Europako Batasuneko kide diren estatu guztiek ekonomia zirkularraren programari derrigorrez men egitea ziurtatu nahi dute horrela. Bestalde, «gardentasuna» ere galdegingo dute batasuneko kideek, eta ingurumen lege irekiagoak dauzkaten herrialdeetara zakarra eramatea eragotziko dute.
Birziklatzeak 600.000 euroren irabaziak eman, eta 180.000 lanpostu sor ditzake. Era berean, berotegi efektua %2 eta %4 artean gutxituko luke. Bestalde, 2030erako BPG %1 ere handitu dezakete neurriek. Dena Ingurumen Batzordearen txostenaren datuen arabera.