Europako Batzordeak Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling zabortegian zer gertatu zen ikertuko du, eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak adierazi du ez dagoela «kezkatuta». Haren arabera, saileko kideak hasiak dira luizia zerk eragin zuen ikertzen, eta lurrak egonkortzeko lanak ere martxan daude, besteak beste.
Eskainitako datuen arabera, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak txosten bat eskatu dio «ospe handiko» aditu talde bati. «Hondamendiaren arrazoiak definitzea da asmoa, eta baita argitzea ere enpresari emandako lizentziak eta baimenak EAEko, Espainiako eta Europako legearekin bat datozen». Arriolak adierazi du «egun bakar batean ere» ez diotela lan egiteari utzi, eta sailaren bitarteko guztiak martxan direla bi langileak aurkitzeko. Izan ere, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hondakinen azpian daude, eta joan den larunbatean ehun egun bete ziren desagertu zirenetik. «Ea albiste positibo bat eman dezakegun laster», gaineratu du.
Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioak, berriz, azaldu du «gabezia handiak» daudela otsailaren 6an amildu zen zabortegian, eta «kasuaren larritasuna ikusita» egingo duela ikerketa. Hain zuzen, PPko eta Ciudadanoseko eurodiputatuek egindako galderei erantzunez esan zituen hitz horiek, eta Arriolak aitortu du «harrituta» gelditu zela iragarpenarekin. Jaurlaritzaren ustez, «oinarririk gabeko ondorioak» eman zituen batzordeak, eta deitoratu egin zuen Ingurumen Sailari ikerketaren berri zuzenean eman ez izana. Hala ere, Arriolak nabarmendu du prest daudela batzordeari «beharrezkoa den informazio guztia» eskaintzeko.