Ezker abertzalea legeztatzeko eta Arnaldo Otegi baldintzarik gabe eta berehala askatzeko eskatu dute Europako hainbat legelarik, hedabideetara igorritako agiri baten bitartez. ELDH Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Europako Abokatuen Elkarteak asteburuan Sofian (Bulgaria) eginiko urteko batzarrean onartutako ebazpena da atzo helarazitakoa. Arnaldo Otegiren askapena eta ezker independentistaren parte-hartze politikoaren eskubidea darama izenburutzat agiriak.
Sofian onartu ondoren, IADL Abokatu Demokratikoen Nazioarteko Elkarteak ere bat egin du ELDHren eskariarekin.
Gaiaren inguruan, bost eskakizun egin dituzte abokatu europarrek.
Lehenbizikoan, Arnaldo Otegi baldintzarik gabe askatzeko galdatu dute, eta bat egin dute «hura berehala eta baldintzarik gabe aske utz dezaten eskatzen duten guztiekin».
Bigarrengoan, zio politikoko epaiketa guztiak bertan behera uzteko eskatu dute, eta auzi horiengatik kartzelan diren guztiak aske uztea galdegin dute.
Ezker abertzaleak alderdi politikoa sortzeko eta hauteskundeetan berdintasunez parte hartzeko «baldintzarik gabeko eskubidea» ere aldarrikatu dute.
Eskakizun horren harira, Batasuna eta legez kanporatutako beste euskal gizarte erakundeak Europako Batasuneko «terroristen zerrendatik» kanpo uzteko ere galdatu dute.
Azkenik, euskal gatazka bide baketsuetatik konpontzearen aldeko babesa berretsi dute legelariek; konponbide hori elkarrizketaren eta negoziazioaren bitartez iritsiko dela diote.
Eskubideen urraketa
Europako abokatuen elkarteak salatu du Arnaldo Otegik eta ezker abertzaleko beste buruzagi askok «etengabeko errepresioa» jasan dutela Batasuna legez kanporatu zutenetik, eta errepresio horren ondorioz euren adierazpen askatasuna, elkartzeko askatasuna, politikan parte hartzekoa eta beste hainbat askatasun «nabarmen» bortxatu dizkietela.
Bereziki larritzat jo dute abokatu europarrek ezker abertzaleko buruzagitzaren aurka 2009ko urrian egin zen polizia operazioa. «Batasuna berrantolatzen aritzea leporatu zieten. Hurrengo hilabeteetan ikusi zen euren asmoa bakerako estrategia bat lantzea zela, euskal gatazkak duen blokeotik mugiarazteko». Abokatuek Zutik Euskal Herria! agiria aipatzen dute, eta, haien arabera, agiri horren edukiak «frogatzen du Arnaldo Otegik eta ezker abertzaleak bakearekiko, justiziarekiko eta demokraziarekiko daukaten konpromisoa». ETAk iragarritako su-etena, abokatu europarren hitzetan, «konpromiso horren adibide da».
Su-etenaren ondotik, «Europako azken gatazka armatua amaitzeko» bake prozesu «erreal» bat garatzeko, ezker abertzalearen aurkako neurri judizial eta politikoak amaitu behar direla diote abokatuek.
«Ezker abertzaleak indarkeria ezean eta bide demokratikoetan oinarritutako alderdi bat osatzeko asmoa iragarri du», diote abokatuek; horregatik, ELDHren iritziz, «legez kanporatzeari, sekula onargarri izan ez denari, eustea, oinarrizko eskubideen bortxaketa izateaz gain, hanka-sartze politiko galanta da».
Saioa Auzitegi Gorenean
Bestalde, Espainiako Auzitegi Gorenak bihar aztertuko du Jose Maria Sagardui Gatza euskal presoaren omenaldian «terrorismoa goratzea» egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalak Otegiri jarritako bi urteko zigorra «egokia» den edo ez. Iazko martxoan zigortu zuten Otegi. Gatza presoa aska zezatela eskatuz 2005ean Zornotzan egin zen ekitaldia, eta Otegiren honako hitzetan ikusi zuten delitua epaileek: «[Euskal Herriaren egoera nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!».
Epaiaren arabera, «inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen dute hitzok».
Europako abokatu talde batek ezker abertzalea legeztatzeko eskatu du
Arnaldo Otegi «baldintzarik gabe eta berehala askatzeko» ere galdegin dute ELDH eta IADL abokatuen elkarteek«Zio politikoko epaiketak amaitu behar dira, eta auzi horiengatik preso direnak askatu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu