Europako eta Euskal Herriko agintariek abiadura handiko treneko (AHT) Gipuzkoako lanetara herenegun egindako bisitak proiektuak dituen zalantzak areagotu besterik ez du egin. Nahiz eta agintariek, ohiko moduan, tonu baikor eta triunfalista erabili, tunel adina itzal ditu azpiegitura berriak.
Jaurlaritzak egunotan aitortu du Astigarragan eraikitzekoa zen geltokia ez dela egingo. Geltoki erraldoi horri nazioarteko izaera ematen zioten orain arte agintariek. Alegia, bere funtzioa hau zen: Hego Euskal Herria Europarekin lotzea.
Inguruko geltoki bakarra Donostian egongo da, eta handik Hendaiarako tartea egungo trenbidetik —Europako zabalera egokituta— egingo du tren lasterrak. Alegia, eta ulertzeko moduan: Euskal Y-a Donostian amaituko da, oraingoz. Ingurumen arazoak aipatu dituzte geltokia alboratzeko. Baina, bistan da, ingurumenagatik balitz, AHTa bera baztertuta legoke.
Gauzak hala, zer gertatzen ari da? Batetik, Euskal Y-aren nazioarteko izaera kolokan dago. Arriolarekin batera lanetara bisitan joandako Carlos Secchi Europako Batzordeko Hego-mendebaldeko AHT ardatzaren koordinatzaileak aitortu du Ipar Euskal Herrian arazoak dituztela proiektuak aurrera egiteko. Herritarrak konbentzitzeko pazientzia eskatu du, eta ziur agertu da etorkizunean obrei ekiteko «baldintza egokiak» sortuko direla.
Baina agintariei errezeloa hartzen zaie ez direla esaten ari dakiten guztia. Datozen hilabeteotan krisi ekonomikoaren danbateko handiak izan daitezkeela iragartzen ari dira adituak, eta, esaterako, Nafarroako egunotako gastu murrizketak ondo adierazten du egoeraren larria. Krisiak ondorio zuzenak izan ditzake lanak hasi ez diren lekuetan ez ezik —Nafarroan, Lapurdin eta Gasteiz eta Miranda artean— baita lanak aurreratuta dauden tokietan ere.
Euskal Y-a egiteko agintariek zerabilten argudio nagusia bertan behera erori da: AHTa, oraingoz, ez da Euskal Herriaren eta Europaren arteko zubia. Portugalek baztertu egin du Madrilekiko lotura, eta Frantziak zein bide hartuko duen ikusteko dago. Une honetan lanak geratuta daude Lapurdin, gutxienez 2014ra arte. Egun, gehienez ere, Madril eta Euskal Herriko hainbat hiriburu lotzeko azpiegitura bat da AHTa. Bukatu gabekoa, gainera.
Eta, gauzak dauden moduan, ziurgabetasun ekonomikoaren menpe dago. Iaz, krisiaren ondorioz azpiegituretako murrizketak agindu zituenean, Jose Blancok iragarpen hau egin zuen: «Bakarrik %80tik gora amaituta dauden proiektuak berma ditzakegu». Euskal Y-a urruti dago horretatik. Laster albiste bat baino gehiago etor daitezke ekonomiarekin lotuta. Eta ez, preseski, lanaren sustatzaileek nahi luketen modukoak. Beharbada, irteerarik gabeko tunel batean sartu izanaren arrazoia azaldu beharko du arduradun politikoren batek. Edo, hego zein iparrera, jarraipenik ez duen trenbide-uharte bat egitearekin zergatik tematu diren bakarren batzuk.
Analisia
Europako ardatza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu