osasuna

Europako Bartzordeak 2022ra arte berritu du glifosatoaren lizentzia

Europako Batasuneko hemezortzi herrialdek bozkatu dute alde eta bederatzik kontra; abstentzio bat egon da.

Trakto bat, glifosatoarekin lanean. BERRIA
2017ko azaroaren 27a
16:54
Entzun

Glifosatoaren erabilera beste bost urterako baimenduko du Europak, 2022. urtera arte. Europako Batasuneko herrialdeek akordio bat adostu dute glifosatoaren lizentzia beste bost urtez berritzeko. Europako Batzordeak abenduaren 15a baino lehen hartuko du erabakia (egun horretan amaitzen zen orain arte glifosatoak zuen baimena), eta bozketa hori aintzat hartuta, aldekoa izango da.

Europan gehien erabiltzen den pestizida da glifosatoa, eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak berak ohartarazi zuen iaz minbizia eragin dezakeela. Horregatik Frantziako Gobernuak 2022. urterako glifosatoa erabat debekatzeko asmoa du —honezkero ezin da espazio publiko irekietan erabili—. Frantzia da gaur lizentzia berritzearen aurka bozkatu dutenetako bat, Belgika eta Finlandiarekin batera. Espainiak eta Alemaniak, berriz, lizentzia berritzearen alde bozkatu dute. Portugal izan da abstenitu dena.

Hasiera batean baimena urte gehiagotarako nahi zuten glifosatoaren aldekoek, baina bost urtekoa izango da. Europako Batzordearen arabera, erabakiak osasuna eta ingurumena bermatzen ditu. Talde ekologisten arabera, ordea, akats larria da. Osasunean kalte larriak eragiteaz gain, ingurumenean ere halakoak eragiten dituela salatu izan dute behin baino gehiagotan. Aranzadi Zientzia Elkarteak, esate baterako, frogatu zuen fabrikatzaileek erabiltzea gomendatzen dituzten dosietatik behera ere espezie baten hilkortasuna gauzatu daitekeela. Monsanto konpainia da bere produktuetan glifosatoa erabiltzen dutenetako bat.

Europako Batzordea baimentzearen alde agertu zen, eta aldekoa zen Europako Parlamentua ere. Baina azaroaren 9an Europako Batasuneko herrialdeak ados jarri ez zirela ikusirik batzorde batera deitu zituen adituak. Ohiko bideetatik herrialdeak ados jartzen ez direnean erabaki bat hartzeko ezohikoa bidea da hori. Aditu batzorde hori herrialdeetako ordezkariek osatzen dute, eta glifosatoaren kasuan alde bozkatu dute bi herenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.