Europako eredutik aldenduago

Gallardonen proiektua onartuz gero, Europako ildotik urrunduko da Espainiako legea.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 5a
14:35
Entzun

Epekako sistema dago indarrean gaur egun Hego Euskal Herrian eta Espainian, Europako herrialde gehienetan bezala. Baldintzen eredura jo nahi du Gallardonek, ordea. Hona herrialde batzuetako araudia:

Alemania. 1995ean onartu zuten oraingo legea: hamabigarren astera arte libre da abortua. Hortik aurrera, haurdunaren osasun fisiko edo psikikoa arriskuan badago. Arrazoi medikurik ezean, «ikastaro bat» jaso behar du andreak, fetuaren bizitzeko eskubidearen ingurukoa.

Austria. Hamabigarren astera arte librea da, medikuaren kontsultatik igarota. Hortik aurrera, haurdunaren osasuna arriskuan badago, fetuak malformazio larriak baditu, edo haurduna 14 urte baino gutxiagokoa baldin bada aborta dezakete. 1974tik dago araua indarrean Austrian.

Danimarka. Hamabigarren astera arte libre da. Hortik aurrera, baldintzak daude: haurdunaren osasun arriskua, bortxaketa izatea, ama «heldugabea» izatea... Gehienetan, hiru medikuk osatutako batzorde baten onespena behar da. Adingabeek gurasoen baimena beharrezko dute.

Erresuma Batua. Haurdunaldiko lehen 24 asteetan aborta liteke, haurduna arriskuan bada, fetuak anomaliak baditu, haurdunaren osasun fisiko eta mentala babesteko, edo egoera sozioekonomikoarengatik. Haurduna arriskuan bada edo malformazio larriak badira, ez dago eperik.

Finlandia. Hamabigarren astera arte aborta liteke kasu batzuetan: bortxaketa, osasun arriskua, egoera sozioekonomikoa, 17 urte baino gutxiago edo 40 baino gehiago izatea, lau ume izatea... «Egoera berezietan», hogeigarren astera arte aborta liteke; malformazioetan, 24.era arte.

Irlanda. Abortatzea delitu da Irlandan. Haurdunaren eta fetuaren eskubideak parean ditu legeak. Haurdunarentzat arriskua dagoenean soilik aborta liteke. Suizidiora jotzeko arriskua sartu dute baldintzen artean aurten. Milaka andre Britainia Handira joaten dira abortatzera.

Italia. Hiru hilabete igaro arte aborta liteke. Zer beste aukera duen azaltzen diote haurdunari, eta, abortatu aurretik, «gogoeta» egin behar du astebetez. Hiru hilabeteren ostean abortatzeko, arriskuan behar du andrearen osasunak, edo fetuak malformazioak izan.

Portugal. Hamargarren astera arte libre da abortua, 2007ko lege baten bidez. Hortik aurrera, baldintza batzuk daude: fetuak malformazioak izatea, bortxaketa jasan izana, edo haurdunak osasun arriskua edukitzea. Adingabea bada haurduna, gurasoen baimena ezinbesteko du.

Suedia. 1938tik dute abortuaren legea Suedian. Haurdunaldiko hemezortzigarren astera arte, libre da; hamabigarren astetik aurrera, hala ere, gizarte langile batekin hitz egin behar da. Hemezortzigarren astetik aurrera, batzorde batek onetsi behar du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.