Deba, Mutriku eta Zumaiako (Gipuzkoa) kostaldea Europako eta Munduko Geoparkeen Sarean da ofizialki. Urrian ezagutarazi zuen erabakia Europako sareak, Lesbosen (Grezia) eginiko bileran. Erabakia ofizial egitea falta zen soilik, eta atzo jaso zuen euskal hautagaitzak dagokion ziurtagiria.
Atzo Debako Udalean egin zuten ekitaldian jaso zuen ziurtagiria Jesus Mari Agirrezabala Debako alkateak, proiektuko kide guztien izenean. Guy Martini Europar Sareko Aholkularitza Batzordeko kidearen eskutik jaso zuen. Geologoa eta europar sarearen sortzaileetako bat ere bada Martini.
«Harro» dago Martini euskal kostaldeak sarearekin bat egin duelako, «ondare geologiko eta kultural ikaragarria» duen lurralde bat izateagatik. Ongietorria eman zien sarearen izenean: «Orain, euskal kostaldea nazioarteko familia honen parte da». Hala ere, ez ziren denak laudorio hitzak izan, parke geologikoa kudeatzeaz arduratzen den elkarteari gogorarazi baitzion sarean egoteak lana erruz egiteko eskatzen duela: «Kideek sarean lan egiteko beharra dute. Lau urte barru, Unescoko begirale bat etorriko da hona, egin duzuen lana ebaluatzera». Begiraleak lau urtez berritu ditzake parkeen ziurtagiriak, edo bi urtez, arazorik ikusten badu. Bi urte igaro eta arazoa konpontzen ez bada, saretik kanpo utz ditzake.
Unescoren babesean
20.000 biztanle eta 23 kilometrokokosta jasotzen ditu eremuak. 2009an sortu zuten Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalek Euskal Kostaldeko Geoparkea Kudeatzeko Elkartea, Geogarapen izenaren pean. Europako parke geologikoen sarean sartzeko eskatu zuen, eta gainditu egin ditu uztailean egindako probak.
Europako sarean izateak munduko parke geologikoen sarean ere kokatzen du euskal kostaldea. Unescok kudeatzen du nazioarteko sare hori, eta, beraz, erakunde horrek babestutako ondare bilakatzen du eremu guztia.
Europako sarearen arabera, zientifikoki nabarmentzeko moduko ondare geologikoa duen lurralde bat da geoparke bat. Lurraldearen garapen ekonomikoaren protagonista izateko ere eskatzen die parkeei, garapen ekonomikoko estrategietan «geoturismoa» indartuz. Lurraldeko biztanleen bizimoduan ere eragin ona izan behar du geoparkeak.
Sareko kideak Europako Geoparke markaz baliatzen dira ordainetan, eta kalitate ziurtagiri gisa erabil dezakete marka hori. Ezagutarazteko baliabide ugari eta beste parke batzuekin elkarlanean aritzeko aukerak azpimarratzen ditu Europako sareak abantaila modura.
1991n elkartu ziren lehenengoz nazioarteko hainbat espezialista, Martini bera tartean, «ondare geologikoari» buruz eztabaidatzeko. 2000. urtean sortu zuten Europako Geoparkeen Sarea, lau lurralde besterik ez zuela. Orain, euskal kostaldekoarekin, 38 dira Europako sarean dauden lurraldeak. Europakoa eredutzat hartuz, munduko sarea sortu zuen 2004an Unescok, eta 67 parke ditu hark gaur egun. Azaroan Hego Amerikara zabaldu zen sarea lehenengoz, Brasilgo geoparke bat gehitu baitzuten. 2012an Afrikara iristea espero dute, Marokoko lurralde batek hautagaitza aurkeztu baitu.
Europako Geoparkeen Sarean da Zumaiatik Mutrikurako kostaldea
Urrian onartu zuen Europako Geoparkeen Sareak euskal hautagaitza, eta orain eman diote sarrera ofizial egiten duen ziurtagiriaEuskal kostaldekoarekin, 67 lurralde daude munduko sarean; horietatik 38, Europan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu