Itoizko urtegia

Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia "eskandalagarria" dela uste du Itoizko Koordinakundeak

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Itoizko urtegiaren aferaren inguruan eman duen epaia "eskandalagarria" dela adierazi dute Itoizko Koordinakundeko arduradunek. Hain zuzen ere, elkarte horretako kideek eraman zuten auzia Estrasburgoko tribunalera, Itoizko urtegiaren proiektua aurrera ateratzearren Nafarroako Gobernuak Babestutako Naturguneen Legea berariaz aldatu zuela salatuz. Giza Eskubideen Auzitegiaren erantzuna izan da ez dagoela esaterik lege aldaketaren helburua hori izan zenik ; funtsean, ez dela lege urraketarik izan urtegia eraikitzeko prozesuan. Uztailaren bigarren hamabostaldirako helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute Koordinakundeko buruek.

2004ko apirilaren 29a
16:22
Entzun
Ardatz nagusi bat du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Koordinakundearen aurka, eta, ondorioz, Itoizko urtegi proiektua babesten duten administrazioen alde emandako epaiak: ezin dela frogatu Babestutako Naturguneen Legea "zuzenbidea sahiestearren" eta urtegi proiektua aurrera ateratzeko asmoz aldatu zuela Nafarroako Gobernuak.

Itoizko Koordinakundearen iduriko, Estrasburgoko epaitegiaren ebazpen hori "eskandalagarria" da urtegiaren arduradun politikoek jendaurrean behin eta berriz onartu dutelako proiektua aurrera ateratzearren aldatu zutela araudia.

Ondorioz, bi arrazoi baino ez dituzte ikusten tribunalak ebazpen hori emateko: bat, epaia erabakitzerakoan "faltsutasunean" oinarritzea. Hau da, Estrasburgok lege aldaketaren asmoak nahita utzi dituela albo batera. Bestea, tribunalak ez duela lan serioa egin.

Nolanahi ere, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiaren kontra helegitea aurkeztuko du Itoizko Koordinakundeak uztailaren bigarren hamabostaldirako. Helegitea, Auzitegiko Ganbera Nagusiak aztertu eta ebatzi beharko du. Lehen urratsa, Ganbera Nagusiko Kolegioak helegitea onartu edo ez erabakitzea izango da. Alde horretetatik, baikor agertu dira Koordinakundeko kideak: azaldu dute Kolegioan ez dagoela lehen ebazpenean parte hartu duen epailerik, ez epaile espainiarrik, eta hori ona dela beren helegiteak aurrera egin dezan. Helegitea onartzen bada, ordea, Ganbera Nagusian epaile espainiar bat dagoela nabarmendu dute beren kontrako faktore gisa.

Babestutako Naturguneen Legea aldaketa egin aurretik zegoen bezala aplikatuko balitz, Itoizko urtegia ezingo litzateke 506 metroko mailatik gora bete, eta, ondorioz, ez luke balioko Nafarroako Ubidea hornitzeko. Nafarroako Ubidearen bidez erregadiotarako urak eraman nahi dituzte hegoaldera, eta hori da Itoizko urtegiaren justifikazio nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.