EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Europako hiru andretik batek erasoren bat jasan du

62 milioi emakumek indarkeria jasan dutela ohartarazi du Oinarrizko Eskubideen Europako Batasuneko Agentziak, txosten baten bidez. Bost andretik batek jasan du bikotekidearen indarkeria, %5 izan dira bortxatuak eta %55 sexu jazarpena jasandakoak dira, besteak beste.

Bikotekideen erasoak jasan dituzten bi emakume, Andrearen agerraldi batean, 2010ean. JAGOBA MANTEROLA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko martxoaren 5a
07:55
Entzun

Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datu gordinak ezagutarazi ditu Oinarrizko Eskubideen Europako Batasuneko Agentziak, Martxoaren 8aren atarian. Ikerketa mardula egin dute batasuneko 28 herrialdeetan —42.000 elkarrizketa sakon egin dituzte, ordubete eta bi ordu artekoak—, eta egoera kezkagarria azaleratu dute. Helburua hori izan dela azaldu du Morten Kjaerum agentziako zuzendariak: egoera gordina azaleratzea, neurriak hartzeko. "Gaia irmotasunez hartzeko erantzukizuna dutela ohartu behar dute aktore nagusiek".

Hona hemen, hamar puntutan, txostenaren ondorio nagusiak.

1. Hirutik bat, erasoa. 18 eta 74 urte arteko emakumeen artean, hirutik batek jasan du indarkeria 15 urte zituenetik aurrera. Europan, 62 milioi andre dira.

2. Bikotean. Gizon batekin bikote harremana izan duten andreetan, %22k jasan dute sexu indarkeria edo indarkeria fisikoa.

3. Bortxaketak. 15 urte baino gehiagoko andreen artean, %5ek jasan dute bortxaketa bat. Bederatzi milioi emakume Europan.

4. Salaketak. Gehienek ez dituzte erasoak salatzen. Bikotekidea denean erasotzailea, hirutik bik ez dute salatzen. Bikotekidea ez denean erasotzailea, lautik hiruk ez dute salatzen. Zergatik ez duten salatzen galdetuta, sexu erasoak jasan dituzten andreen laurdenek diote lotsa ematen ziela.

5. Indarkeria psikologikoa. Gizonezko bikotekideak eraso psikologikoak egin dizkiela aitortu dute emakumeen %43k. Adibide hauek jarri dituzte: jendaurrean umiliatzea, etxetik ateratzea galaraztea, pornografia ikustera behartzea edo mehatxu egitea.

6. Sexu jazarpena. Europako emakumeen erdiek baino gehiagok, %55ek, sexu jazarpena pairatu dute: ehun milioi dira. Hirutik batek lantokian jasan du jazarpen hori, nagusiaren, lankidearen edo bezeroren baten partetik.

7. Haurtzaroan. Hirutik batek azaldu du umetan indarkeria jasan zuela. Hamarretik batek dio sexu indarkeria pairatu zuela haurtzaroan; helduren batek sexu organoak erakutsi zizkien, edo ukituak egin.

8. Urtebeteko epean, eraso fisikoak. Inkesta egin zutenean —2012ko apiriletik irailera—, emakumeei galdetu zieten urtebeteko epean eraso fisikorik jasan al zuten. Baietz erantzun zuten %7k. Europako Batasunera eramanda datua, 13 milioi emakume lirateke.

9. Urtebeteko epean, sexu erasoak. Inkesta egin aurreko urtebetean, %2k jasan zuten sexu erasoren bat. 3,7 milioi andre Europan.

10. Jazarpena. Emakumeen %18k aitortu dute jazarri egin dietela noizbait. Honako eraso hauek jarri dituzte adibide gisara: mezu elektronikoak jasotzea, mehatxuzko deiak jasotzea, kalean jarraika aritzea edo Interneten euren kontrako irainak egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.