EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. EMAITZAK. Abstentzioa eta «iruzurra»

II-HEk izan ezik, guztiek galdu dituzte milaka boto abstentzio handiaren eraginez; ezker abertzaleak, berriz, 34.000 irabazi ditu

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2009ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Abstentzioak bustita eta irregulartasunek zipriztinduta geratu dira hauteskundeetako emaitzak. Sekula baino handiagoa izan da abstentzioa Hego Euskal Herrian. Irregulartasunak, agerikoak. Botoen zenbaketetan iruzur egin dela salatu du Iniziatiba Internazionalistak. Eta, Euskal Herritik kanpo, «iruzur» horiez gain, II-HEren botopaperik ez dela egon mahai askotan.

Gainontzean, bederatzi euskal herritarrek lortu dute Europako Legebiltzarrean egoteko aukera: PSOEko Ramon Jauregi, Eider Gardiazabal eta Iratxe Garciak, PPko Jaime Mayor Oreja, Carlos Iturgaitz eta Pablo Zalbak, UMPko Alain Lamassourek, EAJko Izaskun Bilbaok eta Aralarreko Inaki Irazabalbeitiak. Edozein kasutan, Aralarreko ordezkaria ez da bost urteko legegintzaldian izango europarlamentari. Bederatzi bat hilabetetarako izango du postua. Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioan aurkeztu zen Aralar, besteak beste EArekin eta ERC zein BNGrekin. Kataluniarrekin eta galegoekin partekatu beharko du kargua Irazabalbeitiak, nork bere herrian lortutako botoen arabera. Bederatzi bat hilabetez izango da parlamentari.

Ipar Euskal Herrian abstentzioa %3 gutxitu bada ere, oro har, oso handia izan da abstentzioa. Hego Euskal Herrian, inoiz ezagutu gabekoa: %59, duela bost urtekoa baino %4 handiagoa. Eta, abstentzio handiaren eraginez, alderdi guztiek egin dute behera jasotako boto kopuruetan, bai martxoko hauteskundeekin bai duela bost urteko Europarakoekin alderatuta. Guztiek, ezker abertzaleak babestutako II-HEk izan ezik.

Legez kanporatzearen eraginez, ezker abertzaleak ez du bere hautagaitza aurkezteko aukerarik izan. Baina II-HEren zerrendaren alde bozkatzera deitu zuen. Ezker abertzaleak sustatu eta Espainiako auzitegiek baliogabetutako zerrendek martxoko eta 2004ko hauteskundeetan jasotako boto kopuruari erreparatuta, jende gehiagok babestu du II-HEren zerrenda. Eta bakarra izan da. 138.266 boto jaso ditu Hego Euskal Herrian. Duela bost urte baino 34.000 gehiago.

Babes gutxiago jaso dutenen artean, nabarmentzekoa da Aralar eta EAren egoera. Duela bost urteko hauteskundeetan 81.739 boto jaso zituzten bien artean, eta, orain, 54.955. Ezker Batua ere ez dago egoera onean, duela bost urte 37.666 boto jaso bazituen ere, 19.840 jaso baititu orain.

EAJk galdutako boto kopurua ere kontuan hartzekoa da, 2004an jasotako 253.331 botoetatik ia 43.000 galdu baititu. PP ia 239.000 boto izatetik ia 192.000 izatera igaro da. PSOE izan da kalterik txikiena jaso duena. Duela bost urteko 269.000 bototik 6.000 besterik ez ditu galdu.

POSI, Amezketan bozkatuena

Bestalde, hainbat herritan datu ofizialek utzitako emaitza «arraroetan» oinarrituta, mahai askotan «iruzurra» egon dela salatu du II-HEk. Botoak zenbatzean, hainbat lekutan, bere botoak baliogabe edo zuri gisa jaso dituztela emaitza ofizialetan. Eta ez hori bakarrik. Herri askotan, II-HEren botoak beste alderdi batzuen zakuan sartu dituztela ohartarazi dute. Amezketako egoera jarri dute adibidetzat. Ezker abertzaleak gehiengoa du Gipuzkoako herri gipuzkoar horretan. Alkatetza ere badu. Baina ezker abertzaleak babestutako II-HEk ez du boto bakar bat ere jaso, datu ofizialen arabera. POSIren zerrenda, berriz, bozkatuena izan da. 133 boto jaso ditu, orain arteko hauteskundeetan bakar bat ere jaso ez duen arren.

Antzeko «boto aldaketak» egon direla salatu dute,besteak beste, Mungian, Usurbilen, Elgoibarren, Eibarren, Legazpin, Mendaron, Errenterian, Bermeon, Sopelan, Zumarragan, Arrigorriagan, Abadiñon, Mendaron, Tolosan eta Soraluzen. II-HEri milaka boto «lapurtu» dizkiotela.

Antzeko egoerak gertatu dira Euskal Herritik kanpo ere, II-HEk salatu duenez. Gaztela-Leon, Gandia, Madril eta Castelloko gertaerak dituzte adibide. Kasu nabarmenak izanda, oraingoz zenbatu dituzten «galdutako» boto horiek 11.600dik gora direla jakinarazi dute. Eta, horrez gain, herri askotan ez dela II-HEren botopaperik egon. Leon, Caceres, Alacant, Palma, Madril, Ciudad Real, Bartzelona, Vigo eta Coruñatik jaso dituzte, besteak beste, bere mahaietan botopaperik ez dela egon ohartarazteko deiak.



1.502

Ikusleak Twitterren bitartez. Europako bozen emaitzen jarraipen berezia egin zuen www.berria.info-k igandean. Twitterren bidez eman zituzten emaitzak politika saileko bi kazetarik. 1.502 ikuste izan zituzten, eta parte hartu zuten guztien artean 554 iruzkin egin zituzten.



EHNA erabili den eta ukatu den mahaien informazio eske

Igandeko hauteskundeetan Euskal Herriko Nortasun Agiria (EHNA) onartua eta ukatua izan zen mahaien inguruko informazioa eskegi du webgunean Bai Euskal Herriari taldeak, eta informazio gehiago igortzeko eskatu die herritarrei. Atzo emandako informazioaren arabera, denetariko erantzunak jaso zituzten EHNA aurkeztu zuten herritarrek. Gipuzkoako eta Bizkaiko herri askotan, joera izan zen onartzekoa. Bilbon, (Iralan, Deustun eta Zorrotzan) mahai askotan onartu zuten; aldiz, Santutxun joera guztiz kontrakoa izan zen. Donostian, Altzako datuak baino ez ditu oraingoz eman taldeak: 23tik 19tan bozkatu ahal izan zen EHNArekin. Iruñean, datu gutxi daude, baina gehienetan ez zuten onartu.



4.327

Boto baliogabeak. Aurtengo hauteskundeetan 8.507 boto zuri eta 4.327 boto baliogabe bildu dira. Aldiz, 2004ko hauteskundeetan Herritarren Zerrenda baliogabetua izan arren, haren aldeko botoa eskatu zuen ezker abertzaleak. 113.933 baliogabe zenbatu zituzten.



Uztailaren 14an osatuko da Europako Parlamentu berria

Botoak berriz zenbatuta, ekainaren 27an eserlekuak banatuko dira, eta epea irekiko da parlamentu taldeak osatzeko: gutxienez zazpi herrialdetako 25 legebiltzarkide behar dira. Uztailaren 14an hasiko da zazpigarren legealdia. Lehen osoko bilkuran Europako Parlamentuko presidentea hautatuko dute.



Zerrenda txikiek 23.639 boto bildu dituzte Hegoaldean

Hego Euskal Herrian hauteskundeetara aurkeztu diren zerrenda txikien artean alderdi bozkatuena Berdeak-Europar Talde Berdea izan da, 5.962 botorekin; bigarrena Por un Mundo Mas Justo 2.215 botorekin eta hirugarrena Partido Antitaurino (2.176 boto). Orotara, 39 zerrendek 23.639 boto bildu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.