Europako merkatua ahaztu gabe, Amerikan sendotu eta Afrikara hedatu nahi du CAFek

Trengintza sendotu egingo dela baina lehiakide berrien ondorioz kostuak txikitzeko joera izango duela uste du

joxerra senar
2006ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Etorkizuna baikortasunez ikusteko arrazoiak baditu CAFek, Beasaingo tren egileak. Apirilean inoiz baino kontratu gehiago zituen esku artean -2.694 milioi euro-; urtez urte bere jarduera sendotuz joan da, eta iaz inoizko emaitza onenak lortu zituen. Era berean, atzerrian indarra hartzen ari da, eta trenaren garrantzia handitzen ari den neurrian, «etorkizuneko sektore» batean jarduten duela sinetsita dago.

Eta hala eta guztiz ere, Jose Maria Baztarrikak CAFeko presidenteak batzar orokorrean akziodunei adierazi nahi izan zien konpainia ezin dela bertan gozo gelditu, eta helburuak lortu ahal izateko denen esfortzua beharrezkoa izango dela. Helburu horietako bat da nazioartera are gehiago zabaltzea. Baztarrikaren arabera, CAFekBrasilen, Argentinan, Mexikon eta AEBetan sendotu behar du. Eta Aljerian bi kontratu berri lortu ostean, Afrikako merkatuan hedatzen jarraitu nahi du.

Hori Europako merkatu naturala ahaztu gabe: Irlandan, Italian, Belgikan eta Turkian duen presentzia sendotu nahi du. Ildo horretatik, «gero eta garrantzi handiagoa du» bezeroari zerbitzu osoak eskaintzeak. Azpiegiturak eraiki (ibilbideak eta geltokiak) komunikazio eta trafiko kontrolerako sistemak egin, eta bidaiarien zerbitzua eskaini beharra du. Adibide gisa, Mexikon lortu duen500 milioi euroko kontratua aipatu du.

Baztarrikak argi ikusten du trengintza sendotu egingo dela etorkizunean. Batetik, hirigune barruan eta inguruetan. Bestetik, errepideak gainezka daudela-eta, bidaiarien eta merkantzien tren garraioa indartuko dela uste du. Europako Batzordeak, adibidez, 2001eko Garraioaren Liburu Zurian politika hori diseinatu zuen.

Dena den, pribatizazioek bultzatuta, operadore eta tren egile berriak agertzen diren neurrian,CAFek argi ikusten du lehiakortasunari eusteko produktuen kostuak jaitsi behar dituela. Hori da bere ardatz nagusietako bat, eta, iaz, garrantzi berezia eman zion materialen erosketari.

Era berean, bere industria egitura «arrazionalizatzea» du xede. Batetik, Beasainen logistika osoko zentro bat, biltegi robotizatu bat eta ingeniaritza programa berriak ezarri ditu. Bestetik, intereseko lekuetan jartzeko asmoa du, betiere tokiko administrazioekin hitzartuta.

Kostuak murriztu ez ezik, balio erantsi handiko produktuak eskaini nahi dizkie CAFek bezeroei, batez ere garapen teknologikoaren bidez. Adibidez, unibertsitate eta zentro teknologikoen laguntzarekin 320 kilometro orduko abiadura lortzen duen trena garatzen ari da uneotan.

Pausook emateko sendotasuna badu CAFek. Iaz, 18,1 milioi euro irabazi zituen, 2004an baino %29 gehiago. Akzioko 1,6 euroko dibidendu banatuko du, eta gero beste 8,6 milioibaliabide propioetara bideratuko ditu. Guztira, 184,5 milioi euro diru baliabide propioetan.



CAF-en kontratu nagusiak



2005

Aljeria. Afrikan lortu duen lehen kontratua. Batetik, urte amaitzerako 17 tren diesel egin eta banatuko ditu. Bestetik, Arjelgo Metro Sozietatearentzako 14 tren egingo ditu.

Turkia. Estanbuldik Ankarara abiadura handiko sei bagoiko 10 tren egiteko kontratua. Renfe salbu, abiadura handiko trenak egiteko lortzen duen lehena da.

Mexiko. Metrorako 27 kilometro luzerako tren linea baten azpiegitura ekoitzi eta ustiatzeko kontratua. Ibilbidea 80 kilometrora zabaltzeko aukera jasotzen du. 500 milioi euroko kontratua da.

AEB. Metronorth, General Motors eta General Electric hornitzeko kontratuak.

Renfe. Abiadura handiko eta zabalera handiko trenen mantentze zerbitzua, hurrengo 14 urteetarako. Ibilbide Handiko Negozio Unitaterako 16 tren egiteko kontratua. Bestetik, eskualdeko ibilbideetarako beste 29 tren egiteko kontratua. Era berean, abiadura handiko 13 tren hornitzeko kontratua ere eskuratu du.

Bartzelonako metroa. Lehen Linearako hamar tren egiteko kontratua. Bosgarren Linearako 39 trenekin egin bezala, rentingformularen bidez finantzatutako dira kontratuok.

Palmako metroa. Sei tren egiteko kontratua.

Malaga-Velez. Hiru tranbia.



2006

Renfe. CIVIA adarreko 40 tren egiteko kontratu lortu du, eta horiek izango dira Renfek aldiriko zerbitzurako erabiliko dituen tren berriak.

AEB. Pittsburghen 15 tren arin zaharberritzeko kontratua. Elmiran duen lantokia sendotu egiten dute tankera horretako kontratuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.