Europan baino ume gutxiago jaiotzen dira batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

EAEn, 9,7 haur jaiotzen dira 1.000 biztanleko; 1975ean, 19,1 jaio ziren, Europako Batasuneko tasaren gainetik

Europan baino ume gutxiago jaiotzen dira batez beste Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Europako Batasunekoa (EB) baino txikiagoa da jaiotza tasa Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak 2010eko datuak aurkeztu ditu, eta horien arabera, puntu baten aldea dago EAEren eta Europako Batasuneko herrialdeen artean: EAEn, 9,7 haur jaiotzen dira 1.000 biztanleko; EBn, berriz, 10,7 jaiotzen dira batez beste.

Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeen artean, jaiotza tasa txikienetako bat du EAEk. Soilik Maltak (9,6), Portugalek (9,5), Austriak (9,4), Italiak (9,3), Hungariak (9), Letoniak (8,6) eta Alemaniak (8,3) dute jaiotza tasa baxuagoa. Irlanda (16,5), Erresuma Batua (13) eta Frantzia (12,9) daude beste muturrean; haiek dituzte EBko jaiotza tasarik handienak.

Eustatek nabarmendu duenez, «errotiko aldaketa bat» gertatu da azken urteetan. 1975. urtean, Europako Batasuneko batez bestekoaren gainetik zegoen EAEko jaiotza tasa: 19,1 haur jaiotzen ziren 1.000 biztanleko; EBn, berriz, 14,7. Hortaz, lau punturena baino zertxobait handiagoa zen bien arteko aldea.

Beheranzko bilakaera

70eko hamarkadan, handiagoa zen EAEko jaiotza tasa EBkoa baino. Era berean, jaiotza tasak gora egin zuen apur bat 1975-1977 bitartean. Azkar aldatu zen joera hori, ordea. 1981. urtean, EBko jaiotzen batez bestekoak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoa gainditu zuen: 12,7 zen EAEn, eta 13,6 EBn. Era berean, beheranzko bidea hartzen hasi zen jaiotza tasa 80ko hamarkadan. 90ekoan, joera horri eutsi zitzaion EAEn eta Europako Batasunean; 1994ean jo zuten hondoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoak: 7,3 haur jaio ziren 1.000 biztanleko. EBk handik urtebetera eduki zuen jaiotza tasarik txikiena: 11 haur jaio ziren 1.000 biztanleko. Hortik aurrera, jaiotza tasa igotzen hasi zen EAEn eta Europako Batasunean; 2008tik aurrera, ordea, berriro hasi zen jaisten, krisi ekonomikoaren eraginez.

Heriotza tasa ere, azpitik

8,9 pertsona hiltzen dira 1.000 biztanleko Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, Eustatek aurkeztutako 2010. urteko datuetan jasotzen denez. Kasu horretan ere, Europako Batasuneko batez bestekoaren azpitik dago EAE: 9,7 pertsona hiltzen dira 1.000 biztanleko Europako Batasunean. 1975. urteko datuekin alderatuz gero, igo egin da batez besteko heriotza kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 7,1 zen kopurua orain dela hiru urte. Europako Batasunean, berriz, jaitsi egin da: 1975ean, 10,7 pertsona hiltzen ziren 1.000 biztanleko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.