Auziaren «larria» dela eta, «ezohiko agerraldi bat» egin beharra sentitu dute, Bidaso ibaia zeharkatu eta Donostian prentsaurrekoa emanda. Hala, Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindua salatzeko sortutako lan taldea Gipuzkoako hiriburuan izan zen atzo. Frantziako herritartasuna duten hainbat banakok osatzen dute taldea, eta, nabarmendu dutenez, ez dira alderdi edo sindikatuetako ordezkariak, baizik eta Martinen auziak ezarri duen «aurrekari larriarekin» kezkatuta dauden militante internazionalista eta ezkertiarrak. Martinek eta ezker abertzaleko beste edozein kidek politikan aritzeko duten eskubidea babesten dutela adierazi dute, eta haien eskubide politiko eta zibilak defendatuko dituztela azaldu. Martinen euroagindua salatzeaz gainera, aldarrikapen horiek «Europa osora» zabalduko dituztela jakinarazi dute. Kanpaina horrekin bat egin dute dagoeneko Frantziako hamar alderdi politiko eta sindikatuk.
Hogei bat lagunek hartu zuten parte atzoko agerraldian. Solidaires, FSU, CGT eta CNT sindikatuetako, NPA alderdiko eta Oldartu kolektiboko —hainbat elkarte eta eragile biltzen ditu— kideak dira denak. Guztien izenean mintzatu ziren Laurence Espinosa (NPA), Serge Nogues (FSU), Claude Larrieu (FSU) eta Francis Charpentier (Solidaires). Haien iritzian, Martinen aurkako euroagindua onartzeak berekin ekarri du orain arte Frantziako Estatuan sekula izan gabeko «askatasun demokratikoen urratzea». «Aurore Martinen aurka Justiziak egindako horiek onartezinak dira. Iritzi, bilkura eta adierazpen eskubide demokratikoen askatasuna da jokoan». Erabaki horren atzean «helburu politikoak» daudela salatu dute. «Ezker abertzalea hitz eta ekintzetan euskal gatazkaren konponbide demokratiko eta politiko baten alde ari dela, Frantziako eta Espainiako estatuak errepresio politikoa gogortzen ari dira».
Gogora ekarri dute lehen aldia dela Frantziako herritartasuna duen militante politiko baten aurkako euroagindu bat onartzen duena Frantziako Justiziak. Erabaki horrek «aurrekari larri bat» ezar dezakeela ohartarazi dute. «Euroaginduak errepresiorik zabalenaren bidea irekitzen du, edonork jasaten ahal duena. Auroreren ondotik, Iparraldeko Batasuneko militante guztiak mehatxatuak dira, buruan Batasunaren legez kanporatzeko arriskuarekin eta abertzaleen aktibitateei zabaldutako errepresioaren areagotzearekin: komunikabideak, elkarteak... Hegoaldean bezala».
Legeztatzeko eskaera
Atzoko agerraldian parte hartzerik izan ez bazuen ere, Martinek gutun baten bidez eskertu zituen orain arte jasotako elkartasun mezuak. Era berean, gatazka politikoa konpontzeko bidean urratsak egiteko eskatu die Frantziako eta Espainiako estatuei, eta, besteak beste, ezker abertzalearen legeztatzea ahalbidetzeko. «Euskal gatazka ez da errepresio bidetik konponduko. Prozesu politiko eta demokratikoa eskatzen du», dio Martinen gutunak.
Paueko Auzitegiak Martinen aurkako euroagindua onartu zuen azaroan; eta Parisko Kasazio Auzitegiak Martinen defentsak jarritako helegitea atzera bota ondoren, Fiskaltzak huraatxilotzeko agindu zuen hilaren 22an. Bi egun lehenago, gutun baten bidez, Martinek jakinarazi zuen jardun politikoa egin ahal izateko gordetzea erabaki zuela.
Ezker abertzaleak Hego Euskal Herrian eginiko ekitaldi batzuetan parte hartzeagatik, Batasuneko kidearen estradizioa eskatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Espainian, «erakunde terrorista batean» parte hartzea leporatu diote Martini.
2001ko irailaren 11n New Yorken izandako atentatuaz geroztik «terrorismo» kontzeptuari eman zaion «erabilera zabala» kritikatu dute ekimeneko kideek. Egoera horretan kokatu dute, halaber, euroaginduen sorrera. «Euskal Herritik at, gutariko edonor bilaka daiteke euroagindu baten harrapakin Europan barna. Are gehiago, krisi garaian estatuek eskura dituzten tresna errepresiboak noraino erabiltzen ahal dituzten badakigularik, indarkeria eta terrorismoaren kontrako gudaren izenean edo segurtasunarenean justifikatuz». Erabilera «maltzur» horiek amaitzeko, nazioarteko eragileen arteko elkarlana beharrezkoa izango dela nabarmendu dute.
Atzo, elkarretaratzeak egin zituzten Martinen euroaginduaren kontra Donibane Garazin, Donibane Lohizunen eta Baionan.
Europara zabalduko dute Martinen euroaginduaren aurkako kanpaina
Batasuneko kidearen auziak «aurrekari larria» ezarri duela salatu dute Frantziako hainbat eragilek, DonostianGutun batean, Martinek estatuei eskatu die gatazkaren konponbidean urratsak egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu