Atzo Bilboko Euskalduna jauregian turismoaren inguruan egindako jardunaldietan, Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak jakinarazi zuen enplegua sustatzea hartu duela helburu gisa krisi ekonomikoari aurre egiteko. Turismoaren sektoreak ekonomia suspertzeko aukera ematen duela dio EAJko buruak. Horregatik, turismoa bultzatzeko beharra aldarrikatu du. «Izaera propioa duen Euskadi marka indartu beharra dago», adierazi du.
Urkulluk salatu duenez, azken urteetan Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoara turismoa erakartzeko I need Spain (Espainia behar dut) marka baliatu du. «Guk euskal turismoarekin daukagu konpromisoa, baina gure izaera propiotik abiatuta», zehaztu du. Beraz, Patxi Lopezen gobernuak baliatutako markaren aurrean Basque Country izenaren alde egingo duela azaldu du, baldin eta lehendakaritza eskuratzen badu.
«Erakundeen antolaketa bereziak, autogobernuak, zerga sistema propioak, kirolek eta folkloreak, Euskadi munduan beste edozein tokirekiko ezberdina dela erakusten du», dio Urkulluk. Beraz, zilegi ikusten du Basque Country marka baliatzea.
Turismoaren dekalogoa
Urtetik urtera, turismoaren garrantzia geroz eta handiagoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian, EAJren lehendakarigaiaren ustez: «Euskadin, behin eta berriro, okupazio tasetan errekorrak ezartzen ari gara, eta turismoa barne produktu gordinaren % 5,6 da: 3.663 milioi euro inguruko etekinak sortzen ditu». Bide horretan jarraitzeko, hamar puntuko dekalogo bat aurkeztu du.
Besteak beste, turismoa kalitatezko sektore bilakatzeko pausoak proposatu ditu Urkulluk, horren bitartez inguruko lurraldeekin lehiatu ahal izateko. Xedea erdiesteko, sektorean inbertsioak egiten jarraitzeko beharra dagoela nabarmendu du. Horrez gain, turismoak hazkundearen bidean lagundu ahal izateko, EAJko buruaren irudiko, ezinbestekoa da lurraldearen barne eta kanpo loturak hobetzea, eta kalitatea, aniztasuna eta segurtasuna bermatzea.
Hala eta guztiz ere, zehaztu du lehendakaritza eskuratzen badu ez duela nahi turismoa «zainpeko» sektore bat izatea: «Turismoak ez du administrazioarekiko inolako menpekotasunik izan behar, baina elkarlana ezinbestekoa da, kolokan dagoena Euskadiren eta bere ekonomiaren etorkizuna delako».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Euskadi turismo markaren alde egin du Iñigo Urkulluk
Krisi ekonomikoari aurre egiteko bideetako bat turismoa dela ohartarazi du EAJren hautagaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu