hezkuntza

Euskadiko Eskola Kontseiluak autonomia eskatu du Jaurlaritzaren bake plana gauzatzeko

Biolentziaren biktima guztiekiko elkartasuna adierazi du eta uste du horien testigantza "baliabide pedagogiko baliagarria" izango dela.

2010eko apirilaren 30a
09:14
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza arloko Indarkeriari Legitimazioa Kentzea eta Bizikidetza Demokratikorako Plana gauzatu ahal izateko autonomia eskatu du Euskadiko Eskola Kontseiluak. Atzo arratsaldean egindako bilera luzearen ondoren, txostena osatu du Eskola Kontseiluak, eta Konrado Mugertza elkartek buruak esan du "denen arretapean lan egitea zaila" izan dela, baina "guztien adostasuna lortzeko ahalegin handia" egin dutela.

"Indarkeria terroristaren deslegitimizazioa" eta "indarkeria mota horren biktimekiko enpatia" lortzea du helburu Jaurlaritzaren planak. Eskola Kontseiluak biolentziaren biktima guztiekiko elkartasuna adierazi du eta uste du horien testigantza "baliabide pedagogiko baliagarria" izango dela, baldin eta "pluraltasuna eta irizpide pedagogikoak" sustatzen badira. Planak ETAren indarkeria ardatz izango duela adierazi du Jaurlaritzak.

Politikarien artean egon diren "desadostasunak" azpimarratu ditu Mugertzak, eta dio "beharrezkoa" dela "akordio handia" lortzea, "hezkuntzarako oso gai garrantzitsua baita".

Datorren ikasturtetik aurrera hasiko da plana ikastetxeetan, eta Hiritartasunerako Hezkuntza irakasgaia erabiliko dute horretarako. Jaurlaritzaren planak eskolak kontuan izan ditzala eskatu du Mugertzak, orain arteko funtzioa nahikoa ez dela izan uste baitu.

Ikastolek eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuek plana baztertu dute, aurreko egunetan jakinarazi dutenez.

ELAk plana baztertzeko eskatu du

Eskola Kontseiluaren txosteneko "kritika gogorrak" direla-eta, ELA sindikatuak bake plana baztertzeko eta "hezkuntzako eta bakearen eta giza eskubideen aldeko erakundeek parte hartuko duten kontsulta prozesua hasteko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Politikarien artean behar den akordio handia" orain arte nahikoa izan ez dela aipatzen du Eskola Kontseiluak eta ikastetxeek erabaki behar dutela "baliabide pedagogiko baliagarri" hori nola erabili. ELAren ustez, Eskola Kontseiluaren kritikek "argi erakusten dute plana birpentsatu behar" dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.