Beroa izan da EAJren azken ekitaldia. Bilboko Casillan amaitu dute kanpaina jeltzaleek, ohi denez, eta, ohi denez, bete egin dute pabiloia. Hitzaldi indartsuak, sutsuak egin dituzte Andoni Ortuzar, Joseba Egibar eta Xabier Agirre Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako zerrendaburuek, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagaiak, eta Iñigo Urkullu lehendakarigaiak. EAJk lehendakaritza eskuratuko duela jakina balitz bezala aritu dira guztiak, baina azken orduak botoak bilatzeko baliatu ditzatela eskatu diete militanteei: «Bi egun dauzkagu azken muturreraino jendea mugitzeko», esan die Urkulluk. «Asko dago jokoan. Dena eman behar dugu igandera bitartean». «Igandean Euskadiren geroa erabakiko da», nabarmendu du. «Atzera edo aurrera?».
«ETAren mehatxurik gabe eta alderdi guztiekin egingo ditugun lehen hauteskundeak» diren horietan, «bake eta elkarbizitza irmoa eraikitzeko» eskatu du botoa Urkulluk. Kudeaketa gardenaren alde, eta «ekonomia errealari» erreparatzeko.
Bere burua lehendakaritzat jo du Urkulluk behin eta berriz, zer egingo duen iragarrita: «Astelehenean bertan telefonoa hartu, eta indar politiko guztien ordezkariekin hitz egingo dut. Krisialdi honi aurre egiteko indar guztien beharra dugu eta astelehenean bertan hasiko gara lanean. Zin dagit!». Umore printzekin aritu da hitzaldian: «Lopezek esan zuen Urkulluk ezkutuko agenda bat zuela... Arrazoi zuen behingoagatik. Mintegiren, Basagoitiren eta Lopezen beraren telefonoak ditut ezkutuko agendan. Ireki, eta astelehenean hots egingo diet guztiei».
Giroa berotzeko ahaleginetan aritu dira gainontzeko hizlariak ere, eta lortu dute. Behin eta berriz aritu dira Casilla bete duten herritarrak Ari, ari, ari, Urkullu lehendakari! oihuak egiten. Independentziaren aldeko oihuak ere entzun dira, sarri gainera. Ozen.
Botoak eskuratzeko hainbat mezu proposatu ditu Ortuzarrek ere: «Gu izan gara lanean aritu garen bakarrak; beltzezko gizonak eta emakumea beldurra sartzen besterik ez dira aritu». Horien leloak moldatzeko ere gomendatu du: «Konponbideak nahi badituzu, bozkatu EAJ. Egon behar den horretan egotea nahi baduzu, bozkatu EAJ. Zu baldin bazoaz, guztiok irabaziko dugu».
Uste baino luzeago aritu da Egibar. Ezker abertzalearen ibilbidea kritikatu, eta euskal presoen kolektiboak EAJri egotzitakoei erantzun die: «Espainolizazio bidea hartu dugula diote, eta gauza bat esan nahi diet, errespetu osoz: Sorturen estatutuek ere Espainiako auzitegien baimena dute!».
Agirrek «arabar gehienen babesa» izango duen esperantza azaldu du. «Urkullu behar dugu», esan du Tejeriak. «Besteak ez dira sinesgarriak».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ
«Euskadiren geroa» jokoan dagoelako eskatu du botoa Urkulluk
Bere burua lehendakari jo du ekitaldi bero batean, eta azken orduetan boto bila aritzeko eskatu die militanteei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu