Martxoaren 19an abiatuko da Korrika, eta horren harira mahai inguru bat antolatu du Martin Ugalde Foroak. Nola euskaldundu erdaldunak izan da gaia, eta lau hizlari elkartu dira: Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia —gai jartzaile lanetan—, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Iñaki Martinez de Luna soziolinguista eta EHUko irakaslea.
Izenbururuko galderari jarraituz ekin diote hizlariek. Jokoan dagoena euskararen "bizi indarra" dela argudiatuz, Poziktibity kanpaina babestu du Baztarrikak: "Poziktibity euskarari berari begiratzeko modu bat da". Kanpaina horren alde agertu da Martinez de Luna, euskara sustatzeko ekimenak "zurrunak eta serioak" ez daitezela izan eskatzearekin batera. Bilbaok, ordea, nabarmendu du "komunikazio estrategia onenak ere" ez dituela euskaltegiak beteko; ildo horretan, uste du hizkuntza politikak direla aldatu beharrekoak.
"Zelan modan jarri euskara ikastea?", galdetu die Mugikak. Martinez d Luna: "Gizarteak ez du istilurik nahi. Alderdi politikoen arteko beste joko zelai bat behar da". "Pertsonez gain, espazioak euskaldundu" behar direla uste du Bilbaok, eta "ideia marko egokiak" erabili eta desegokiak alde batera uztera deitu du. Baztarrikaren ustetan, berriz, herritarrek beharrezko ikusi behar dute euskara, ez obligazioz, baizik gizarteak bere egin duelako.