KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Euskal eragileen hauspoa Kataluniako erreferendumari

Bilbon eginiko mahai inguru batean, Kataluniako Gobernuak ziurtatu du "dena prest" egongo dela urriaren 1erako, eta euskal herritarren elkartasuna eskertu du ANCk. Egibarrek "obligazio politikotzat" jo du ezker abertzaleak eta EAJk "gutxieneko adostasun bat" lortzea, eta "pazientzia historikoaren eta eternitatearen" arteko oreka bilatzeko beharraz ihardetsi dio Iriartek.

Hizlariak, Bilboko Kafe Antzokian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2017ko irailaren 4a
09:24
Entzun

29 egun falta dira Katalunian estatu independenteari buruz egitekoak diren erreferendumaren egunerako, eta galdeketari hauspoa eman diote EAJk, EH Bilduk eta Gure Esku Dago dinamikak, Kataluniako ordezkari politiko eta sozialen aurrean. ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak Euskal Herrian duen ordezkaritzak antolatuta, mahai ingurua egin dute Bilboko Kafe Antzokian; han aritu dira hizlari Jordi Sanchez ANCko lehendakaria, Jordi Turull Kataluniako Generalitateko bozeramailea, Joan Tarda ERCko diputatua Espainiako Kongresuan, Zelai Nikolas Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, Estitxu Garai kazetaria moderatzaile zutela. Hitzaurrean, eskerrak eman ditu Sanchezek: "Ez gatoz lezioak ematera, Euskal Herriari eskerrak ematera eta gure konpromisoa adieraztera baizik".

Egibar, Iriarte eta Nikolas ziur agertu dira urriaren 1ean galdeketa egingo dutela Katalunian. Nikolas: "Ziur naiz egingo dela, Kataluniako herritarrek borondatea dutelako erabakitzeko, gai direlako, eta adostasuna erakutsi dutelako". Gainera, "beharrezkotzat" jo du galdeketa gauzatzea, kalitate demokratikoan "sakontzeko". Egibarrek aitortu du ez dutela "nahiko luketen baldintzetan" egingo kontsulta, eta gogorarazi Kataluniako erakundeek hainbat aldiz eskatu dutela erreferenduma adostea: "Elkarrizketa eta negoziazioa ezinbesteko tresna dira, baina gauzak puntu batera iristen direnean, herritarrei eman behar zaie hitza eta erabakia, [Erresuma Batuko lehen ministro ohi David] Cameronek eta [Eskoziako lehen ministro ohi Alex] Salmondek egin zuten bezala". Iriartek ere uste du egin, egingo dutela galdeketa, "Espainiak bere esku dagoen guztia egingo duen arren hura galarazteko".

Zertan datza erreferendumaren arrakasta? Tardaren ustez, historikoa izango da hautetsontziak betetzen dituzten heinean: "Ikasi dugu hau guztia ez zegoela aurreikusia. Gauzak gertatu egiten dira, azkar gainera". Turullek ere parte hartzea jo du arrakastaren giltzarri: "Dena prest egongo da, eta irabaziko dugu, [Espainiako] Estatua demokratikoki gaindituko dugulako". Gaineratu du kataluniarrek "beldurra galdu" zutela 2014ko azaroaren 9ko bozketan. Sanchezen iritziz, berriz, urriaren 1ean "hautetsontziak, boto paperak... egotea arrakasta da jada. Errealitate horrek Espainiako Gobernuaren desioak gezurtatuko ditu".

Datozen asteei begira, Sanchezek ohartarazi du prozesua "herritarren mobilizazioaren emaitza" dela; "aurrekaririk gabeko mobilizazioa" espero dute irailaren 11ko Diadan, eta irailaren 14tik aurrera, lan egingo dute baiezkoak irabaz dezan. Tardak, ordea, Catalunya En Comu-ren esparruak joka dezakeen zereginaz galdetuta, espero du sektore horrek dei egitea errerendumean parte hartzera: "Etxebizitza eskubidea, armada baten beharra... prozesu konstituziogilea da Comu-koek parte hartzea eragingo duena".

Euskal Herritik Kataluniako prozesuari behar adina laguntza eman zaion galdetuta, Egibarrek azaldu du prozesuaren "jarraipena" egin dutela: "Ahal dugun neurrian, babesa eskaini dugu. Hoztasun bat dago prozesuari begira, herri honek baduelako bere historia laburra". Hala ere, aitortu du "agian beste zerbait" egin zitekeela, eta proposatu urriaren 2an Eusko Legebiltzarrak Kataluniako estatu independentea aitortzea. Iriartek ere uste du gehiago egin zitekeela: "Eman geniezaiekeen laguntza handiagoa", besteak beste, "pedagogia eginez", Kataluniako prozesuak Euskal Herrian izan dezakeen eragina gizarteratuz. Nikolasek, berriz, nabarmendu du erabakitzeko eskubideak zatitu ez baizik "batu" egin dituela herritarrak, ordezkari politikoak eta herrialdeak, eta gogorarazi irailaren 16rako manifestazio bat antolatu duela Gure Esku Dago-k, Kataluniako erreferendumari babesa adierazteko.

Katalunian egitekoak diren tankerako galdeketa bat Euskal Herrian posible den ere hizpide izan dute solaskideek. Egibar: "Bi estrategiak talka egin dute etengabe. Biak bideratzen jakitea ez da egun batetik bestera gertatuko, ez dekretu bidez". Horretarako "denbora" behar dela argudiatuta, Iriartek erantzun dio "pazientzia historikoaren eta eternitatearen" arteko oreka bilatu beharra dagoela. Edonola ere, Egibarrek ezinbestekotzat jo du EAJk eta ezker abertzaleak "gutxieneko adostasun bat" erdiestea: "Obligazio politikoa eta historikoa da". Alderdien tirabiratik at, Nikolasek beharrezkotzat jo du "herri itun bat", eta oroitarazi Gure Esku Dago hura osatzeko lanean ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.