Joan Tarda. ERCko diputatua

«Euskal gatazka Europako Batasuneko barne arazo bat da»

Bake aukera baliatzeko «borondaterik eta ausardiarik» ez izatea egotzi dio ERCko diputatuak Espainiako Gobernuari. Bake prozesuak aurrera egiteko Sortu legeztatu egin behar dela uste du.

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Nazioarteko bitartekaritza eta Euskal Herria izenburupean Hala Bedi irratiak antolatutako jardunaldietan parte hartu zuen astelehenean Joan Tarda ERCko diputatuak (Bartzelona, 1953), Gasteizen. Aurretik erantzun zien BERRIAren galderei.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera politikoa?

Kanpotik begiratuta, irudipena daukat aukera berri baten aurrean gaudela, baina badirela abagune hau aprobetxatu nahi ez dutenak. Mundua azkar doa; aldaketak bata bestearen atzetik datoz, baina gatazka batzuek ez dute aurrera egiten; Euskal Herrikoak, esaterako. Eta hori gertatzen da Espainiako Estatuak ez dituelako gainetik kendu oraindik iraganeko zama batzuk. Euskal gatazkaren auzian, oso tamalgarria da bere burua demokratikotzat duen estatu batek aurrerapausoak emateko gai ez izatea. Ezinegona eta etsipena eragiten dit estatua ireki den aukera berri hau baliatzeko gai ez dela ikusteak. Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide politikoa bilatu behar zaio, Euskal Herriko eta Espainiako herritarrek ez dutelako merezi aukera honek porrot egitea.

Uste duzu Espainiako Gobernuak galtzen utziko duela bake aukera?

Bakea lortu nahi bada, esparru demokratiko baten oinarriak onartu behar dira, eta herritar guztiek parte hartze politikorako eskubidea gauzatzeko aukera izan behar dute. Oso konplexua dirudi, baina oso erraza da. Euskal Herrian etxeko lanak egiten ari dira, ideia horiek gero eta babes zabalagoa dutelako gizartean. Baina Espainiako gizartean ez da gauza bera gertatzen ari. Urteetan konstituzionalisten eta separatisten inguruko diskurtsoa erabili da, eta ez da ahaleginik egin diskurtso politikoa eta biolentzia banatzeko. PPren diskurtsoaren gatibu da PSOE. Aurrerapausoak ematen ari dira,eta tamalgarria litzateke urrats horiek ez aprobetxatzea.

Bakeari heltzeko borondaterik ez diozu ikusten Espainiako Gobernuari. Ezkorra zara bake aukeraren inguruan?

Espainiako Estatuak ez dio heldu nahi euskal gatazkari behin betiko irtenbidea emateko aukerari. Ez dut ulertzen nola ibil gaitezkeen denbora galtzen Sorturen legeztatzearen inguruan espekulazioak egiten, bakeari serio heldu beharrean. Hauteskundeetara begiratzen ari da PSOE, etajarrera horrek bake aukera galtzera eraman dezake. Nola da posible estatu demokratiko batek bakea ez lantzea? Oso larria da.

Zer iruditzen zaizu ezker abertzaleak eginduen apustu politikoa?

Gu Alderdi Legearen aurka gaude, lege antidemokratikoa delako eta euskal gizartearen zati baten eskubide zibil eta politikoak urratzen dituelako.Egungo egoerak labirinto baten itxura dauka, etabertatik ateratzeko uste dut zintzoki eta kontsekuenteki bakearen alde borrokatzea erabaki dutenen alde aurpegia eman beharra dagoela. Gizarte demokratiko aurreratu batek ezker abertzaleak behin betiko politikan parte hartzeko aukera izatea bermatu beharko luke.

Beraz, ezker abertzaleak egindako urratsa zintzoa dela uste duzu.

Argi daukat ezker abertzaleak emandako pausoak berebiziko garrantzia duela eta behin betikoa dela. Zentzugabekeria etikoa eta politikoa da bide politikoen alde egin dutenen eta biolentzia gaitzesten dutenen apustua ez dela zintzoa pentsatzea. Aurreiritzi moral edo etikoak errealitate politikoarekin nahastea iruzurra egitea da. Tamalez, Espainiako gizartean zeharo barneratuta daude mezu murriztaileak eta demagogikoak, eta gatazkaren konponbidearen eta elkarrizketaren aldeko mezuek ez dute sostengurik herritarren artean. Euskal gizartean, aldiz, bilakaera bat egon da, eta gaur egun gutxiengo batek baino ez du babestenindarkeriaren erabilera helburu politikoak lortzeko.

Zer egin behar da prozesuak atzera bueltarik ez izateko?

Sortu legeztatu. Legeztatzeak behin betiko urratsa izan behar du, prozesuak atzera bueltarik izan ez dezan. Areago esango nuke: legeztatzeak balio dezakeoraindik biolentziaren aldeko tesiak dituztenak euskal gizartearen aurrean nabarmen uzteko. Finean, demokraziaren gabeziakdemokrazia gehiagorekin gaindituko dira. Beraz, zergatik ez dugu lanik egiten bakea lehenago irits dadin? Gure agintarien ausardiafaltagatik. PSOEri borondate eta gaitasunik gutxi ikusten dizkiot. Liderrak egoera gogorrei aurre egiteko lehen lerroan egoten direnak izaten dira, eta ez statu quo-tik etekinak ateratzen dituztenak. Eta Espainianstatu quo-a mantendu nahi dutenak badaude. Izan ere, demokraziak biolentoei ez ezik, konstituzionalistei ere beldurra ematen die. Biolentziatik aldendu den euskal independentismoa legeztatuz gero sortu daitezkeengehiengoei beldur diete konstituzionalistek.

Nazioarteko bitartekaritza beharrezkoa da Euskal Herrian hasi den prozesuak aurrera egin dezan?

Bai. Gatazka nazioarteko parametroetan jartzea funtsezkoa da. Bake prozesuak nazioarteko eragileen agendan eta ibilbide orrian egon behar du, gaur egun nazioartea baita daukagun aliatu bakarra. Oso kontuan hartzekoak dira orain arte egin diren urratsak: Bruselako Adierazpena, Euskal Herriko bake prozesuaren alde Europako Parlamentuan osatutako Friendship taldea...Nazioartean zumeak jartzen ari dira bitartekaritza saihestezina izan dadin. Espainiako Gobernuak ez du sekula erraztuko nazioarteko parte hartzea, euskal gatazka etxe barruko arazoa dela saltzea komeni zaiolako. Baina euskal gatazka ez da Espainiako estatuko demokraziaren barne arazo bat, Europako Batasuneko demokraziaren barne arazo bat baizik. Hortaz, arazoa kanpora atera beharra dago, nazioarteanbake aukeraren aldeko urratsak eman ahal direlako, baldintzak sortu daitezkeelako,etalagundu daitekeelako.

Nazioarteko Harremanetarako taldearen egitekoabide horretatik doa. Zer iruditzen zaizu?

Ezinbestekoa da talde horren lana. Espainiako estatuaren eta, zehazki, PSOEren borondate politiko ezaren aurrean, prozesua bultzatu, sustatu eta laguntzeko tresnak beharrezkoak dira. Dela Euskal Herriko aferarekiko elkartasunagatik, nola Europako balore demokratikoen defentsagatik, funtsezkoa da Nazioarteko Harremanetarako taldearen papera.

Ipar Irlandakobake prozesua bultzatzeko, Europako Batasunak bakearen eta adiskidetzearen aldeko programa berezia sortu zuen. Halako zerbait posible ikusten duzu Euskal Herrirako?

Nekez konpara daitezke Irlanda eta Euskal Herriko egoerak, batean eta bestean agintariek dituzten jarrerak oso desberdinak direlako. Erresuma Batuko alderdien jarrera oso bestelakoa izan zen. Han, eskuinak eta ezkerrak bat egin zuten bake prozesuaren alde, eta Irlandako afera gatazkanazioarteko agendan jartzeko gai izan ziren. Hemen, ordea, kontrakoa gertatzen da: euskal gatazka Espainiako barne arazotzat jotzen dute PSOEk eta PPk.Guk uste dugunazioarteko ateak zabaldu eta indarrak batu behar ditugula,eta nazioarteko bitartekaritza Espainiako estatua deseroso uzteko modu bat dela.

Arnaldo Otegi askatzea lagungarria litzateke bakerako?

Bai, noski. Egoera honetan ez ginateke egongo Otegi bezalako pertsonek aurretik bideajorratu izan ez balute. Zailena izaten da bake bidea irekitzea, eta Otegik hori egin zuen. Harekin anker jokatzen ari dira, mendekua erabilita. Otegik kalean egon beharko luke bakearen eta independentziaren alde lanean jarraitzeko. Horrez gain, uste dut euskal presoen sakabanaketa politika amaitzea ezinbesteko urratsa dela bakean aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.