'Euskal harria' sortu nahian

«Alarma egoerei» aurre egiteko, mugimendu berria sortu dute Bilboko San Ignazio auzoan: Ezpam! Eskubide Zibil eta Politikoen Aldeko Mugimendua. Mezua eta ekintza ditu oinarri.

Ezpam! mugimenduak ekainaren 6an euskal harria irudikatuz egindako manifest-akzioa. M. RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Harridura sortu du eskubide zibil eta politikoak desobedientzia ekintza sinbolikoen bidez aldarrikatzeko Bilboko San Ignazio auzoan sortu den mugimenduak hautatutako izenak: Ezpam!. «Hori ez al da Internet bidez nahi izan gabe jasotzen den zabor posta?». Behin baino gehiagotan egin diete galdera sustatzaileei. Spam da hartzaileek, nahi ez izan arren, sarean modu saihetsezinean jasotzen duten posta. Izaera hori irudikatzeko hautatu du izena, hain zuzen,mugimenduak: «Zenbaitek entzun nahi ez duten mezua da Ezpam!». Harridura ikurraren bidez, «akzioa» erakutsi nahi dute. «Alarma» egoerei ekintzen bidez erantzuteko asmoa.

Ia naturalki sortu zen mugimendua auzoan. «Estatuaren bortizkeria politikoa jasateaz» nekatuta zeuden. «Aski dela esateko garaia» zen. Sentipen horrekin zirela, auzokide bat lau urterako espetxeratuko zutela jakin zuten. Kale eraso batean parte hartu izana egotzita zigortu zuen Auzitegi Nazionalak Gaizka Astorkizaga. Zerbait egin beharra sentitu zuten auzokideek. «Gure artetik beste herritar bat eramango zutela ikusten ari ginen; jokaleku politikoan aritu den beste auzotar bat eramango zutela, gainera».

Ezin zutela onartu sinesten zuten; mugitu beharra zutela. Beste auzokide bat, Alberto Marin, preso zuten aurrez, akusazio beragatik. 18/98 auziagatik espetxean duten Txente Askasibarren egoerak ere kezkatuta zituen herritarrak. Adinean gora egina da Askasibar, eta osasun arazoak ditu.

San Ignazion sekula baino euskal preso gehiago daudela ere ohartarazi du Iñaki Peñak, mugimenduko kideak: «Bat edo bi izan dira beti, eta orain zazpi preso daude». Ez dela kasu bakarra dio; herri eta auzorik gehienetan daudela sekula baino euskal preso gehiago, eta horietako asko lan politiko edo zibila egitegatik dituztela kartzelan. Horiek berehala askatzeko premia plazaratu du.

Alarma piztu, eta mugitu

Astorkizaga espetxeratzear zirela jakitean piztu ziren alarma guztiak San Ignazioko auzotarren artean. Ohi baino parte hartze handiagoarekin mobilizatzen hasi ziren, ezohiko ekintzen bidez. Auzo birak egin zituzten astero, herritarrei egoeraren berri emateko eta inplikazioa areagotzeko. Alarma irudikatzeko, elastiko laranjak jantzi, alarma soinuak piztu, eta pankarta zein kartelak egin eta jartzeko ekintza bera aldarrikapen parte-hartzaile bihurtu zuten auzolanean. «Dena egin dugu kalean, plazan, eta ekintzek harrera ona izan dute».

Bi hilabetean auzokideek egoeraren berri bazutela eta Astorkizagak elkartasun zabala jaso zuela ikusirik, haratago joatea erabaki zuten. Mugimenduaren izaera ondoen irudikatzen duen manifest-akzioa egin zuten Bilbo erdigunean. Alarma hotsekin irten ziren ekainaren 6ko iluntzean Arriaga plazatik ehunka lagun; asko, elastiko laranja jantzita. Errepidera atera, eta zinta bati eutsita, errepidearen alde batetik besterainoko ilarak osatu zituzten, bata bestearen atzetik, denak zinta berari lotuta. Horma irudikatzen zuten ilarek; harresia. Ez zuten pankartarik eraman. «Gu gara pankarta. Goazen aurrera!», adierazi, eta pixkanaka egin zuen ibilbidea elkarri lotuta herritarrek sortutako «harriak».

Peñak nahiago du «euskal harria» eraiki nahi dutela esan. «Gu, bagara. Euskal Herria gara,eta euskal harria sortu nahi dugu egiten dizkiguten erasoak oztopatzeko. Igaroezina da harria».

Epaitegi aurrean amaitu zen ekintza, ertzainez inguratuta. Ez zieten utzi protesta plazan amaitzen, eta elkarri estu lotuta aurrera zihoazen herritarren artean norbaiten bila ibili ziren.

Protesta amaitu berritan, dei bat jaso zuten auzokideek. «Gaizka epaitegiko atarian kateatuta dago». Korrika joan ziren ehunka lagun kalean behera. Ertzainak, furgonetetan. Poliziek gaztea inguratu zuten, eta herritarrak ez zitezen hurbildu saiatu ziren. Ez zuten lortu. Gaztea atxilotuta autora sartzea ere kosta egin zitzaien, herritarrak tartean sartzen baitziren atxiloketa oztopatuz. Liskar artean eraman zuten Astorkizaga presondegira.

Basauriko espetxerako bidea itxi egin zuten beste lagun batzuk handik gutxira. Errepideetako langileen arropak jantzi, lanetarako seinaleak jarri, eta olioa bota zuten errepidera. Salbuespen egoera irudikatzen zuen hesia ere jarri zuten. Goialdeko zubian, pankarta erraldoia: Stop! Zure eskubideak Espainiaren segurtasunaren izenean ukatuta! Salbuespen estatuan bizi zara. Estatuaren terroreari horma jarri!.

Lau lagun atxilotu zituzten kaleko jantzitako poliziek. Bilboko protestan, beste bi. Ekimen horiek bildutako elkartasun keinuak gogoratu ditu Peñak; mezua zenbateraino eta zein azkar zabaldu zen. Talde batzuk ia espontaneoki antolatutako ekintzak izan ziren, San Ignaziotik haratago joan zirenak. Atxilotutako bakar bat ere ez da San Ignaziokoa.

Hartutako bidetik aurrera jarraitzeko asmoa du Ezpam! taldeak, harremantzeko modu eta teknologia berriei lotuta. Eta, orain arteko ekimen arrakastatsuek piztu duten interesa aztertuta, auzoa zein Bilbo gaindituko duen mobilizazio eredu berria izan daitekeela dio, gainera. Hartarako deia egin du.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.ezpam.wordpress.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.