Irratia eta telebista agertu ziren garaian bezala, Internetek informazioa eta komunikazioa ulertzeko ekarri dituen modu berriekin, zalantzan dago paperezko prentsaren etorkizuna. Orokorra da joera, eta zer esanik ez euskararen moduko hizkuntza gutxitu bat oinarri duten hedabideen kasuan. Horixe izan zuten abiapuntu Argia-ko Gorka Bereziartuak, Gaztezulo-ko Agurtzane Gomezek, Tokikomeko Joxe Rojasek eta BERRIAko Pello Urzelaik atzo egindako mahai inguruan. Euskarazko hedabideek sarearen munduan etorkizuna izan dezaten, negozio formula berriak bilatu beharraz aritu ziren euskal kultura digitalari buruzko Xare azokan.
Gauza bat argi dago: sareak hedabide guztietan izan du eragina, baita paperezko prentsan ere. «Negozio ereduari begiratuta, lehen eduki paketeak saltzen genituen. Orain, berriz, aleak». Halaxe azaldu zuen Bereziartuak: lehen, aldizkari osoa saltzen zen, bere eduki guztiekin. Orain, berriz, artikuluak bakoitza bere aldetik dabiltza sarean. Rojasen hitzetan, jada ez dago paper hutsera mugatzen den hedabiderik; guztiek erabiltzen dituzte medio bat baino gehiago. Irudiak, bideoak... eguneroko ogi bihurtu dira. Izan ere, publikoak ere balio gehiago ematen die horiei, Gomezen iritziz.
Dena ez da hain erraza, ordea. Izan ere, medio bat baino gehiago erabiltzea izan liteke aukera bat, baina espezializazioak ere badu bere balioa: «Euskaraz beti dagoen arazoa da espezializazioa. Gauza generalistak egiten dira, merkatu txikia dugulako». Bereziartuaren hitz horiek erakusten dute euskarazko hedabideek duten arazo nagusietakoa: masa kritikoarena.
Diru laguntzen beharra
Kuantitatiboki, txikia da euskal hiztunen komunitatea. Hori onartuta, euskarazko produkzioaren edo sorkuntzaren aldetik, ezin da negozioaz hitz egin, Urzelairen arabera: «Ez dago negoziorik euskarazko hedabideetan. Diru laguntzak estrategikoak dira». Izan ere, euskararen erabilera bermatu nahi bada, sarean ere izan behar du bere lekua erabilera horrek. Urzelaik gogoratu duenez, hedabideek funtzio garrantzitsua dute horretan, eta lan hori ondo egiteko inbertsioak behar dira. Ohiko diru laguntzez gain, beraz, beharrezkotzat jo ditu teknologia berrietara egokitzeko laguntzak ere.
Rojasek ere laguntza horien beharra aldarrikatu du: «Kalean dagoen ideia batekin apurtu behar da. Ematen du euskarazko hedabideek soilik jasotzen dituztela laguntzak». Erakunde publikoen publizitateaz datu argigarria eman du Rojasek: hedabideetako publizitatera bideratzen den dirutik, %0 doa euskarazkoetara Nafarroan; %7 inguru Gipuzkoa, Bizkai eta Araban: «Banaketa aldatzea eskatzen dugu, ez gehiago gastatzea». Publizitate pribatuari dagokionez ere, ez daude garai onenean hedabideak. Gomezek azaldu duenez, krisialdi ekonomikoaren garaian publizitatea izaten da enpresa pribatuek lehena murrizten dutena. Gainera, publizitatea gehiena erdal munduan mugitzen da. «Ikusezinak gara zentzu horretan», ekarri zuen gogora Rojasek. Hori aldatzera bidean, lehentasunezkoa da euskarazko hedabideen irismena zein den jakiteko tresna, Rojasen esanetan. Horretan ari dira, besteak beste, Hekimen proiektuarekin.
Sareko formula berriak
Gainontzean, bazkidetza sistema izan da orain arte funtzionatu duen eredu bat. Krisialdi ekonomikoak ere badu eragina horretan, nahiz eta «militantziazko» bazkidetzaren ideia behin baino gehiagotan atera den mahai inguruan. Interneteko edukiengatik ordainpeko sistema jartzea izan liteke beste formula bat, baina oraingoz ez dirudi arrakastarik izan duenik, hizlarien arabera. Entzuleetako batek bota du erdibideko proposamena: borondatezko mikro-ordainketa. Horretarako, ordea, sistema erraz eta erabiltzeko erraza bilatzea da erronka, Urzelairen hitzetan: «Inbertsio teknologiko handia behar da horretarako».
Bazkideekiko hurbiltasuna, balio erantsia eskaintzea, marketin ikuspegia... ideia asko aipatu ziren. Baina, Rojasek esan bezala, «esperimentatzea tokatzen da orain».
Euskal hedabideak, sarean oreka bila
'Euskal Komunikabideak. Negozio formulak Interneten' mahai ingurua izan zen atzo Xare azokan, euskarazko lau hedabidetako kideen eskutik. Oraingoz, ordea, ez dirudi inork formula magikorik duenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu