Euskaraz edo okzitanerazidazteagatik Frantziako Gobernuak diru laguntza murriztu dietela edo ez dietela eman salatu dute Ipar Euskal Herriko Hitza-k, Kazeta.info-k eta Okzitaniako La Setmana astekariak. Hizkuntzaren araberako diskriminazioa onartezina dela nabarmendu dute hiru hedabideek, eta egoera hori zuzentzera deitu duteFrantzia. Aldarriarekin bat egin zuten, atzo, Ipar Euskal Herriko Euskal Irratiek, Herria astekariak eta Kanaldude herri telebistak. Euskal Konfederazioa eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia ere presente egon ziren ekitaldian. David GrosclaudeAkitaniako kontseilaria ere presente egon zen agerraldi horretan.
Frantziako agentziak eta prentsa kudeatzen dituen Batzorde Parekideak informazio politikoa eta orokorra egiten duen hedabide izaera ukatu zien hiru komunikabideei, otsail erditsuan. Papereko argitalpena dute La Setmana-k eta Hitza-k, eta eskatu diru laguntzen %40 baino ez die onartu, eta, hori, «kultur eragiletzat» hartzen dituelako. Kazeta.info agerkari digitalak, aldiz, ez du laguntzarik ukanen, Interneteko edizioa bakarrik duelako.
«Beste hedabideetako kazetariek bezala, egunerokoan informazio orokorra lantzen dugu euskal kazetariok; gure berezitasuna euskaraz edo okzitaneraz idaztea da. Beste komunikabideek eta kazetariek merezi duten begirune bera zor digute», erran du Maite Ubiria Kazeta.info-ko zuzendariak. Gaineratu du Batzorde Parekidearen erabakiak gutxiespena eta mespretxua islatzen dutela.
Batzorde horren erabakiak kazetaritzarekin deus ikustekorik ez duela nabarmendu du Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak. «Frantziako inori ez zaio bururatzen Le Figaro edo Le Monde egunkariak kultur eragileak direnik frantsesez idazteagatik, edo frantsesa sustatzea dutela helburu bakarra». Aldiz, «ikuspegi jakobinistena» baliatuz, euskaraz edo okzitaneraz ari diren hedabideak mailaz apaltzen dituzte, lehen eta bigarren mailako hedabide eta kazetariak sortuz, hedabideetako ordezkarien erranetan.
Deiadarrean biltzeko eskea
Hedabideek pairatu duten diskriminazioaren oinarrian euskararen estatus eza dagoela erran du Ximun Carrerek euskal hedabideen izenean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskal Konfederazioak azpimarratu dute hizkuntza politika egokirik ezin dela egin euskara ez delarik ofiziala eta ez duelarik lege gerizarik. Hedabideek eta eragileek martxoaren 31n Baionan eginen den Deiadar manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Euskal hedabideek adierazi dute euskaraz idazteagatik gutxiestea onartezina dela
Diskriminazio mota guztiak gainditzera deitu dute Frantziako Gobernua, martxoaren 31ko Deiadarrera deituz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu