Koronabirusa

Euskal Herri osoa arintze fasean izanen da bihartik aurrera

Jaurlaritzak neurri murriztaile gehienak arindu ditu, epaileen irizpideei men eginda. Hegoalde osoan libre izanen dira joan-etorriak. Txibitek ostalaritza irekitzeko plana aurkeztu du

Hego Euskal Herriko ostalariek aukera izanen dute 22:00ak arte irekitzeko. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz - Mikel P. Ansa - Paulo Ostolaza
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Pixkanaka bada ere, Euskal Herriko administrazioak hasiak dira neurri murriztaileei buruzko zalantzak argitzen. Beren-beregi ala epaileek baldintzatuta, alarma egoeraren ostekoa nola kudeatuko duten azaldu zuten atzo Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Hegoaldeko erakundeek biharko eguna zuten epemuga, Espainiako Gobernuak gaur gauerdian indargabetuko baitu alarma egoera. Ipar Euskal Herria, berriz, astelehenetik dago arintze fasean. Lurraldeen arteko joan-etorriei, etxeratze aginduei, bilerei eta ostalaritzari eragiten die trantsiziozko egoera berriak. Hala ere, alde handia egonen da oraindik lurralde batzuen eta besteen artean.

Itxiera perimetralak kentzeko erabakiak eman du zeresanik handiena: iazko urriaz geroztik lehen aldiz, libre izanen da Hegoaldeko herrialde guztien artean mugitzea. Bestalde, etxeratze agindua bertan behera geldituko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez, ordea, Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Eusko Jaurlaritzak asmoa zuen neurri murriztaileetako askori eusteko; besteak beste, itxiera perimetralari, lau lagunetik gorako bileren debekuari eta etxeratze aginduari. Bidea itxi dio, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak: atzo argitaratutako txostenean, Administrazioarekiko Auzien Salak ebatzi zuen estatuko lege batek soilik ezar ditzakeela oinarrizko eskubideen murrizketak, eta autonomia erkidegoek ezin dutela osasun legeetan oinarrituta halako neurririk agindu.

«Oinarrizko eskubideak murrizteko, zorrotza izan behar da, ez boluntarista», adierazi zuen auzitegiak ebazpenean, «eta osasun krisi larri batean gaudela ahaztu gabe, eta horrek justifikatuko lituzke oinarrizko eskubideen murrizketak, abstraktuan, baina neurri horiek zuzenbideari lotuta hartu behar dira, bai hori egiteko bidea ematen duen lege baten bidez, bai horretarako zehaztuta dauden tresna konstituzionalen bidez».

Eusko Jaurlaritzak ez dio helegiterik aurkeztuko Auzitegi Nagusiaren erabakiari, eta onartu egin du horrek ebatzi duena. Ondorioz, larunbat gauean Espainiako Gobernuaren alarma egoera amaitzen denean, ez da mugikortasun mugarik izango, ez eta etxeratze agindurik eta bilkurak lau pertsonara mugatzeko bestelako agindurik ere.

Horrez gain, ostalaritzak 22:00ak arte zabaltzeko aukera izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, orain arte baino bi ordu geroago. Iñigo Urkullu lehendakariak esan zuenez, joan-etorrien gaineko debekuak indargabetuta «ez du zentzurik ostalaritzari, joko aretoei eta barnean egiten diren kirol jarduerei eragiten zien debekuak mantentzeak».

Ostalaritzaz gain, gainontzeko kultura edo merkataritza jarduerek ere 22:00etako muga izango dute, baita joko aretoek ere. Aurrerantzean, tabernetako eta jatetxeetako edukiera gehienez ere %50ekoa izango da barnealdean, baina debekatuta jarraituko du barran edo zutik kontsumitzeak. Mahaietan gehienez ere lau lagun egon ahal izango dira oraindik ere.

Kirol instalazioen edukiera ere %50ekoa izango da, %35ekoa aldageletan, eta gehienez sei lagunek bildu ahalko dute. Kirol ekitaldietan ez da ikuslerik onartuko, eta, besteak beste, itxita jarraituko dute elkarte gastronomikoek, gazte lokalek eta gaueko aisialdiarekin lotutako lekuek.

Ostalaritza irekitzeko plana

COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak arintzeko bidea «motela, progresiboa eta segurua» izanen dela esan zuen atzo Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek. Neurrien arintze mailakatu horrez gain, ostalaritzaren egoera leheneratzeko plan bat aurkeztu zuen. Horren arabera, maiatzaren 17an zabalduko dituzte ostatuen barrualdeak egoera epidemiologikoak okerrera egiten ez badu, eta «trazabilitate sistema» berri bat ezarriko dute, ostatu batean agerraldi bat atzemanez gero bezeroak identifikatu eta kutsatze kateak garaiz eten ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.