Euskal Herria Bizirik ekimena sortu dute Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako hogei eragile ekologistak, natura ondarea eta landa eremua defendatzeko eta azpiegitura proiektu handien aurka egiteko. «Natura benetan babestuko duen politika bat eskatzen dugu, eta gure habitata babesteko, inbertitzaileen diru goseari men egin gabe», adierazi zuen Judith Arriolabengoa Euskal Herria Bizirik ekimeneko kideak atzo, Donostian egindako aurkezpen agerraldian. Indarrak metatzeari ekin diotela erantsi zuen Rebeca Gonzalez de Alaiza kideak. Horretarako, manifestazio bat egingo dute maiatzaren 20an, Gasteizen, Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik lelopean. Manifestazioa «borrokan jarraitzeko pizgarri bat» izatea nahi dute.
Ekimena osatzen duten eragile ekologisten artean daude, besteak beste, Enkarterri Bizirik, Gipuzkoako Mendiak Aske, AHT Gelditu, Arabako Mendiak Aske, Ekologistak Martxan, AHTaren Kontrako Asanblada, baita tokiko hainbat talde ere. Gainera, Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eragileen atxikimendua ere lortu nahi dute. Larunbatean, bilera bat egingo dute Nafarroako zenbait eragile ekologistarekin, Ziordian. Apirilaren 22an Erdiz Bizirik ekimenak Iruñean egingo duen manifestazioa ere babestu dute.
Euskal Herriko hainbat txokotan martxan jartzekoak diren trenbide azpiegiturek, zentral eolikoek, fotovoltaikoek, erraustegiek, berotegi industrialek eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikek landa eremuari kalte egingo diotela azaldu du Elsa Bravok: «Halako proiektuek eremu komunalak eta laborantza lurrak berenganatzen dituzte, eta gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemak desagertzea dakar horrek».
Landa eremua zaintzeaz
Bravok nabarmendu du ingurune naturala eta laborantza lurrak mantentzea «ezinbestekoa» dela bizitza bermatzeko: «Horiek hondatzen baditugu, atzera-bueltarik gabeko ondorioak izango dituzte ekosistema naturalek, landa eremuko ekosistemek, eta ekosistema sozialak ere bai».
Izan ere, Euskal Herria Bizirik ekimenak salatu du landa eremua eta bertako bizimodua desegiten ari dela, eta horren oinarri diren komunitate txikiak eta baserriak desagertzear direla. Gainera, azpimarratu dute halako proiektu handiek osasunari ere kalte egiten diotela, udalen eta kontzejuen subiranotasuna urratzen dutela, eta «eraso» egiten diotela elikadura subiranotasunari. «Baserri eta etxalde txikietako ustiatze ereduaren desagertzea oso gertu dugu», gaitzetsi du Bravok.
Halako proiektu handiak egiten dituzten enpresena da egoera horren erantzukizuna, ekimeneko kideen arabera; gaineratu dute erakunde publikoek ere «lagundu» egiten dietela enpresa horiei. Legeak «korporazio handien interesetara» egokitzen dituztela adierazi du Arriolabengoak: «Diru publikoa patrika pribatuetara eramaten dute. Horrela xahutu da eta xahutzen ari da horrenbeste diru abiadura handiko trenean, erraustegietan eta zabortegi industrialetan».
Ekimenak nabarmendu du pertsonengan pentsatutako politikak nahi dituztela, eta ez «kapitalaren interesetan» oinarritutakoak: «Garraio sistema sozial bat garatzea bultzatuko duten politikak, eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza eredua bultzatuko dutenak, energia berriztagarrien hedapena eta bioaniztasunaren kontserbazioa bateratuko dituztenak».