«Ezkertiar, abertzale eta aurrerakoien proiektua. Gipuzkoatik Euskal Herrira begira egindako proiektua. Euskal Herria eraikitzeko bide bat marrazten ari gara». Modu horretan definitu du Martin Garitanok Gipuzkoako Foru Aldundiaren lana. «Haziak jarri ditugu; instituzioak kudeatzeko beste modu bat posible dela erakutsi dugu». Martin Ugalde Foroan izan da Gipuzkoako diputatu nagusia. Gipuzkoa berriaren eraikuntza erronka, krisi politiko eta ekonomiko sakonaren testuinguruan izeneko hitzaldian, foru gobernuak egindako lanaren balantzea egin du, eta aurrera begira dituen erronkak azaldu ditu. Garitanok adierazi duenez, «Gipuzkoa berri bat» sortzea da haren lantaldearen helburua, eta parte hartzea izango du hori lortzeko lan tresna. «Partaidetzak ematen dio nortasuna gure proiektuari». «Euskal Herrian, gainera, oso errotuta dagoen balorea da partaidetza», esan du Garitanok. Eredu hori Euskal Herriaren eraikuntzarako onuragarria izango dela uste du, gainera.«Beste herrialdeetako herritarrei erakusten ari gara beste ikuspegi batetik egin daitekeela lan. Batzuek bihotzez egin zuten bat gurekin, eta beste batzuk konbentzimenduz ekarriko ditugu gurera».
Diputatu nagusiaren hitzaldia entzuten Martin Ugalde Kultur Parkean izan dira Joanmari Larrarte BERRIA taldeko kontseilari ordezkaria, Gaindegiako presidente Xabier Isasi, EBko Mikel Izagirre, Arantxa Manterola Euskal Herriko Ikastolen ordezkaria eta Jon Uriguen Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo diputatua, besteak beste.
Kudeaketan oinarritu du bere hitzaldia Garitanok, agertoki politiko berria ahaztu gabe. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, konponbide prozesua «bultzatzea eta bermatzea» izango da foru aldundiaren helburua; une honetan «giza eskubide guztiak» bermatzea lehentasuna duela nabarmendu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste lan ildoa krisialdi ekonomikoa izango da, Garitanok azaldu duenez. «Gipuzkoan gure ahalmenen gainetik bizi izan gara; beste era batera banatu behar dira aberastasuna, onurak eta lana», adierazi du.
Diputatu nagusiak adieraziduenez, haren gobernuak gizarte ekonomia eta ekonomia kooperatiboak sustatu nahi ditu, eta sektore estrategikoen kontrol publikoa eta soziala indartu. Horrekin lotuta, Gipuzkoa Saretzen egitasmoaren nondik norakoak marraztu ditu. Azaldu duenez, «tokian-tokiko ekonomia sustatzeko ekimen dinamikoa» da Gipuzkoa Saretzen. Diputatu nagusiaren arabera, eskualdeetako indargune eta ahuldade ekonomikoak aztertu eta modu parte hartzaile batean proposamenak egiteko sortuko dute Gipuzkoa Saretzen. «Udalekin eta eskualdeetako eragile ekonomikoekin, sindikalekin, sozialekin bildu eta erradiografia bat egin behar dugu, hortik proposamenak lantzeko».
Enplegua sortzearekin batera, gizarte politikek leku garrantzitsua izango dute foru aldundiaren jardunean. Garitanok gogoratu duenez, 2012ko aurrekontuetako diru kopurua %13 gutxitu da iazkoekin konparatuta, baina gizarte politikarako dirua %7 igo da.
Horretarako, baina, diputatu nagusiak nabarmendu du ezinbestekoa izango dela aurten abiatutako zerga erreformarekin jarraitzea. Diru gehien irabazten dutenek gehiago ordaintzea eta ondare zerga berreskuratzea adostu dute aurten sozialistekin, eta Garitanok azaldu duenez, aurten urratsak egin nahi dituzte sozietateen zergarekin, etxebizitzari buruzko zergarekin eta ondasun handiak dituztenen zergarekin.
Arazo bihurtu dituzten gaiak
Azken asteetan eztabaida publikoaren erdigunean egon direnhainbat gai jorratu ditu Garitanok bere hitzaldian. Hondakinen kudeaketaren alorrean, argi mintzatu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegiaren aurkako jarrera «argia» duela berretsi du. «Arazo bat bezala aurkezten da, baina kudeaketa kaxkar baten ondorioz bihurtu dugu arazo». Gipuzkoako beste 34 udalerrik atez ateko sistema martxan jarriko dutela nabarmendu du Garitanok. «Gipuzkoarrek argi daukate ez dutela errauste plantarik nahi». Horrekin, diputatu nagusiak argi utzi nahi izan du hondakinak kudeatzeko eskumena udalei dagokiela, eta foru aldundiak haien erabakiak «errespetatuko» dituela.
Errepide sareen kudeaketari dagokionez, gogor mintzatu da aurreko foru gobernuen aurka. Bidegik 900 milioi euroko zorra duela nabarmendu du, eta horrek foru aldundia 20 urtera zorpetuko duela.
Martin Ugalde Foroa. Martin Garitanoren hitzaldia
«Euskal Herria eraikitzeko bide bat marrazten ari gara gure lanarekin»
Martin Garitanoren ustez, instituzioak kudeatzeko «beste eredu bat» dagoela erakusten ari da Gipuzkoako DiputazioaKonponbide prozesua «bermatzeko» urratsak egingo ditu foru gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu