argazki mapa interaktiboa

Euskal Herria eta euskara aintzat hartzen dituen egitura, Gaindegiaren eskutik

Herritarrei eskatu zaie argazkiak Whatsapp bidez 647 31 97 47 zenbakira bidaltzeko edo Twitterrera igotzeko, beti ere kilometroa zehaztuz. Gaindegia eta BERRIA elkarlanean aritu dira Euskal Herriko mapan txertatzeko argazkiak.

jon ordonez garmendia
2014ko ekainaren 8a
07:48
Entzun

Giza katea elkarlanean lantzeko elkartu diren herri ekimeneko hedabideek, tartean da BERRIA, argazki bilduma bateratua egingo dute gaur. Giza katea osatuko duten herritarren laguntzarekin historikoa izango den mapa interaktiboa egitea da asmoa. Argazkiak Whatsapp bidez edo Twitterrez bidali ahal dira. Whatsappez (0034) 647 31 97 47 zenbakira bidali behar dira, eta Twitterren nahikoa da igotzea eta kilometroa hashtag baten bidez zehaztea: #56km #77km, #103km...

Argazki bilduma hori Gaindegiak eta Euskalgeok prestatu duten mapa baten gainean kokatuko da, eta elkarlanean ariko diren 25 hedabideek euren webgunetan izango dute ikusgai. Mapak euskarazko izenak agertuko ditu, eta hori posible izan da Gaindegiak eta BERRIAk egin duten elkarlanaren bitartez. Orain arte BERRIAren webgunean mapak txertatzen zirenean gaztelerazko grafia nagusitzen zen zenbait tokitan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian batez ere. Horregatik, elkarlanean argazki galeriak georreferentziatuta eskaintzeko mapa digitala osatu dute.

Euskal Herriari dagokionez sarean publikatzen diren mapa dinamiko gehienak Googlek eskaintzen duen azpiegituraren gainean eraikiak izan ohi dira. Horrek berarekin dakar irudikatzen den lurraldea toponimia arrotzez edo Euskal Herria aintzat hartzen ez duen lurralde egitura irudikatuz egitea. Gaindegiak garatu eta eskaintzen duen azpiegitura espazialaren bitartez Euskal Herriko geografiaren errepresentazio digitala eskaintzeko bestelako aukerak badira. BERRIAk eta Gaindegiak elkar hartuta argitalpen berezia ekoitzi dute hainbat datu jasoaz, besteak beste:

-Ibilbidea
-Ibilbidearen zatiak (kilometroak)
-Ibilbidea igarotzen den herri garrantzitsu eta mendateak
-Ibilbidea igarotzen den herri bakoitzeko entitate estatistiko edo auzoak
-Zoom maila ezberdinetan geruza edo datu ezberdinak ikusiko dira. Ibilbidea eta kilometro zatiak izango dira uneoro ikusiko diren datuak. Hasieran udalerri garrantzitsuenak eta mendateak ikusiko dira eta zoom handitu ahala, hauek desagertu eta entitate edo auzoak agertuko dira.

Gaindegiak Euskalgeo bere proiektuarekin eskaintzen dituen baliabideak erabilita, euskal toponimian oinarritutako errepresentazioa eskaintzeko aukera eskaini nahi dio interesa izan dezakeenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.