Udalbiltzaren ustez, Euskal Herria "oso une berezian dago", hau da, "gatazka konpon dezakeen prozesuaren atarira" heldu da. Hala ere, une honetan prozesua inpasse batean murgilduta dagoela uste du. Egoera horren aurrean, Udalbiltzak ez du ikusle hutsa izan nahi: "[Udalbiltzak]Prozesu demokratikoaren aldeko eragile aktiboa bilakatu nahi du eta prozesuari begira bere ekarpenak indarrean jarri".
Bi ardatz nagusi kurtso politiko berrirako
Horrenbestez, bi ardatz nagusi izango ditu aurten Udalbiltzak. Batetik, euskal herritarren eskubideen aldeko ekimena abiatuko du. Arkotxak azaldu duenez, "nazio gisa eta berau osatzen duten herritarrei dagozkien eskubideak ukatu izana gatazkaren iturria da". Ildo horretatik, txosten bat aurkeztuko du Udalbiltzak urriaren amaieran Burlatan (Nafarroa) egingo de EH06 Nazio Eztabaidan: "Eskubide horiek guztiak garatzeko orduan euskal herritarrek pairatzen dituzten ukatze eta urraketa praktikoak" jasotzen dituen lehen txostena, hain zuzen.
Udalbiltzaren aburuz, "Euskal Herriak bere biziraupena ziurtatzeko nazio mailako erakundeak behar ditu" eta gaur egun Udalbiltza ez dago dagokion rola betetzeko baldintza onenetan. Hori dela-eta, "berrantolatzea" izango du aurten helburu nagusi eta horretarako "Euskal Herria nazio gisa aitortzen duten hautetsi guztiei" zabaldu nahi diete nazio erakundea 2007an zazpi herrialdeetan ospatuko diren udal hauteskundeak baliatuz.
Udalbiltzaren bi espresioak elkarlanean jartzea helburu
Loren Arkotxak azaldu du, gaur egun, Udalbiltzaren bi espresio daudela. "Nork bere lana egiten du, batak bestea kontutan hartu gabe". Arkotxaren arabera, urteetan egindako lanari esker bien arteko lehenengo hurbiltzea burutzen ari da. "HArremanari izaera iraunkorra ematen saiatzen ari gara eta hausnarketa amankomuna burutzea proposatu dugu", gaineratu du. Bi espresioek elkarlanerako aukerak eta egitasmo zehatzak aztertzearen aldekoak izan behar dutela uste du Udalbiltzak.
Dagoeneko ari dira horretan lanean eta Udalbiltzako lehendakariak jakinarazi du nazio erakundea "berrantolatzeko, berrindartzeko eta berrosatzeko hautetsien atxikimendu dinamika" jarri dutela abian uda honetan. Dagoeneko hasi dira atxikimenduak jasotzen.
Politika
Euskal Herria nazio gisa aitortzen duten hautetsi guztien gune bilakatu nahi du Udalbiltzak
Udalbiltzak bi ardatz nagusi izango ditu aurten: euskal herritarren eskubideei buruzko txosten bat eta Udalbiltza berrantolatzeko ekimen zabala. Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakariaren hitzetan egun "zatituta eta erasotuta" instituzioa ez dago "baldintza onean" Euskal Herrian bizi duen egoera honetan "dagokion papera betetzeko". Bestalde, iragarri du, urriaren amaieran Burlatan (Nafarroa) egingo den EH06 Nazio Eztabaidan euskal herritarrek euren eskubideak "garatzeko orduan pairatzen dituzten ukatze eta urraketa praktikoak jasotzen dituen lehebiziko txostena" aurkeztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu