autogobernua

"Euskal Herria subjektu politikoa" dela izenpetu dute EAJk eta EH Bilduk

PSEren legez besteko proposamen bati erdibideko zuzenketa aurkeztu diote Eusko Legebiltzarrean, eta honek onartu egin du. Kontsulta batean adierazitakoa errespetatzeko aldarrikatu dute. 

EAJren eta EH Bilduren legebiltzar taldeek izenpetutako zuzenketa.
enekoitz esnaola
2015eko urriaren 8a
07:26
Entzun

PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Euskadiren eskumenen defentsari buruz legez besteko proposamenari erdibideko zuzenketa bat egin diote EAJko eta EH Bilduko taldeek, hiru puntukoa: uste dute Gernikako Estatutua ez betetzeak "kalte sozial eta ekonomikoa" dakarrela; Espainiako Kongresuak 2005ean EAEko estatutu berria atzera bota izana txarretsi dute; eta aldarrikatu "Euskal Herria subjektu politikoa" dela eta "demokratikoki adierazten duen borondatea errespetatua izateko eskubidea eta gaitasuna" dituela. Erdibideko zuzenketa onartu egin du Eusko Legebiltzarrak, bozketan.

"Urte asko dira Gernikako Estatutuari sorrera eta izaera politikoa eman zion adostasuna desagertu zenetik", diote EAJren eta EH Bilduren taldeek erdibideko zuzenketan –gaur aurkeztu dute–. Eusko Jaurlaritzak joan den irailean salatu zuen Espainiako Gobernuak oraindik estatutuko 24 eskumen igorri gabe dituela. Bi taldeen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ituna "ez betetzearen ondorioek euskal herritar guztiei kalterako eragiten die sozialki eta ekonomikoki". 1979an onartu zen EAEko estatutua, erreferendumean. HBk abstentzioa eskatu zuen –aurkako kanpaina egin zuen–, eta EAJk aldeko botoa eman zuen.

Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduan Estatutu Politiko Berria onartu zuen, gehiengo osoz, baina Kongresuak, hilabete pasara, ez zuen eztabaidarako tramiterako onartu. Legebiltzarrak estatutua onartzeko bozketan, ezker abertzaleak –Sozialista Abertzaleak taldeak– justuko babesa eman zion EAJ-EA-EB gobernuaren egitasmoari, seitik aldeko hiru boto emanda. Arnaldo Otegi SAko parlamentariak esan zuen 1979ko “akatsak errepikatzea” eragotzi nahi zutela; “botoak ezin dira erabili Madrilekin estatutu berria hitzartzeko”. Haren esanetan, denen artean adostu behar ziren galdeketaren galdera eta moduak. 

EAJk eta EH Bilduk orain izenpetu duten zuzenketak dio "etorkizuna erabakitzeko kontsultatua izateko" eskubidea duela "Euskal Herriak". Hura "subjektu politiko" gisa aitortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.