Iragarpenak baziren, alertak eta abisuak ere bai, eta desmasia handirik ez zuen eragin hotzaldiak atzo, denboralearen lehen egun ofizialean. Hotz egin zuen, oso hotz, baina aparteko ezbeharrik-eta ez zuen sortu. Markak bai: San Martingo Harrian zeropetik 14 gradu izan zituzten, eta Irunberrin, 11. Hotzetik joan zen gaua, eta eguna argituta, areago hoztu zuen. Irabiako urtegikoada adibidea (Nafarroa): 00:00etan —4,6ºC zeuden, 04:00retan —6,5, eta 09:00etan —7. Hotzari elurra batu zitzaion goizean; Euskal Herri osoan egin zuen atzo, gehiago edo gutxiago, baita kostaldean ere. Donostian, Bilbon eta Baionan ere ikusi zuten. Bazterrak zurituta, hormatzearen beldur dira orain. Izotza nonahi egingo du. Eta elurra ez da joango: zuritu eta hormatutakoaren gainean botako du.
Zer zetorren bazekiten, eta lehentasuna jarri zuten erakundeek: errepide nagusiei zabalik eustea. Gehienean irekita eduki zituzten. N-240 errepidean izan ziren gorabehera gehienak, Bizkaian, Barazarren, ibilgailuak ez aurrera ez atzera geratu zirelako behin eta berriro. N-1 errepidea itxi egin behar izan zuten tarteka Gipuzkoan, Etxegaraten, elurra kentzeko makinak pasatzeko. Bigarren mailako errepideetan izan ziren traba gehiago; Pirinio bazterrekoak itxi zituzten goizean goiz, eta zarratutako mendateen zerrenda luzatzen joan zen egunak aurrera egin ahala. Elurra berehala izoztuta geratzen baitzen errepidean.
Kolpeak izan ziren errepidean, arinak gehienak. Gasteizen izan zen ezbehar gehien: 25 istripu inguru goizean soilik. Larriena, autobus batek; bidetik atera, eta zuhaitz bat jo zuen. Gidaria larri zauritu zen, eta sei bidaiari, arinago. Elurretan, autobusek izan zuten traba gehien; Tolosaldean, adibidez, ezin izan zuten iritsi herri guztietara. Guraso batzuek eskolara umeen bila joan behar izan zuten. Neurriak iragarri dituzte ikastetxeetan: Mondragon Unibertsitateak eten egin zituen atzo eskolak Oñatin, Arrasaten eta Eskoriatzan. Eta beste horrenbeste egingo du gaur ere. Bestalde, eskola kiroleko ekintzak bertan behera uzteko aholkua eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta ekitaldi horiek bertan behera utzi dituzte Arabako eta Bizkaiko diputazioek. Aldiz, ehiza debekatu dute Gipuzkoak eta Bizkaiak astebururako. Gainera, bihar jokatzekoa zen batel estropada ere ez dute egingo.
1. Bilbo
«Hotza eta elurra» ziren atzo behin eta berriz Bizkaiko txoko askotan entzun zitezkeen hitzak. Gazteenek, ohikoa den moduan, pozez begiratzen zioten elurrari, eskolatik etxerako bidea ohi baino azkarrago egiteko itxaropenez. Errepidean ibili behar zutenen artean, aldiz, kezka zen nagusi.
09:00ak aldera hasi zuen elurra Bizkaiko hainbat tokitan. Durangaldean, Arratian, Lea-Artibain, Mungialdean eta Busturialdean, besteak beste. Baina ordurako mendateak zurituta zeuden. Bilbon, 10:30ean maluta txikiak ikus zitezkeen, baina hiriburuko kaleak ez ziren zuritu, 3 graduko tenperatura baitzegoen. Jendea txano, tapauka, eskularru eta beroki lodiak soinean zituela ikus zitekeen metroan edo Kale Nagusian barrena. «Gaurko eguraldiak kalean ibiltzeko baino gehiago etxean egoteko balio du», entzuten zen metroko bidaiarien artean.
Goizean elurra bota arren, aterruneak ere izan ziren. Horiek auto eta etxebizitzen teilatuetan gelditzen zen apurra urtzeko nahikoa ziren. Bilbon, gogoz egin zuen elurra bazkal ostean, ibilgailu batzuk zuritu arte. Gutxi iraun zuen ordea, ordu laurden pasatxo. Lemoan 16:00ak inguruan hasi eta ordu baten buruan inguruko zelaiak zuri zeuden. Errepidea zuritu gabe egon arren, ibilgailuak oso motel zihoazen.
Bilboko Udalak eguna «normaltasunez» igaro zela adierazi zuen. Baina alerta egoeran egonik udaleko langileek 81 tona gatz eta 84.000 litro gatzun bota zituzten hiriko auzo guztietan. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak, ekaitza dela-eta, bertan behera utzi ditu astebururako iragarrita zeuden eskola kiroletako jarduerak.
2. Gasteiz
Goizean goizetik elurra egin zuen, baina izotzak zaildu zuen Gasteizko egunerokotasuna. Zero azpiko tenperaturaren ondorioz, izotz geruzak sortu ziren hiriko errepideetan, batez ere hirigunetik urrun dauden auzoetan: Salburua, Zabalgana... Hirigunean eragina txikiagoa izan zen, ordea. Izotzaren arriskuaz ohartarazita, gauean gesala bota zuten, arriskuak galarazteko eta ingurumen kaltea murrizteko. Udalak gogorarazi zuen elurraren aurretik gesala erabiliz gero gatz gutxiago behar dela emaitza bera lortzen dela.
Egunak aurrera egin ahala, gesala erruz erabili behar izan zuten arazoak eragozteko. Iluntzean zazpi kamioi zeuden gesala botatzen errepideak eta kaleak garbi mantentzeko ahaleginean. Egunean Uritiasoloko biltegiko gatza amaitu, eta berriro bete behar izan zuten. Ordea, zenbaitetan ez zuten helburua lortu. Besteak beste, udaltzainek Andre Mari Zuriaren plaza itxi egin behar izan zuten 17:30ean, izotza agertu baitzen bertan.
3. Zuberoa
«Denbora franko ez duela halako elurrik egin San Martingo harrian», dio Rene Errezarretek, eski estazioko langileak. Zero azpitik 14 graduko tenperatura izan zuten atzo, eta metro bateko altuera hartu zuen elurrak. Eskiatu nahi dutenentzat elur aproposa dutela nabarmendu du Errezarretek, eta eskiatzaile ugari bertaratuko direnaren esperantza du.
Alerta laranjan dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Maule inguruetan goizean goiz hasi zuen elurra egiten, eta zero azpitik 2 graduko tenperatura izan ziren. Elurrak eta izotzak, baina, ez zuten aparteko arazorik eragin, Ozazeko bidean eta portuetan izan ezik; han, ibilgailuek traba ugari izan zituzten.
4. Erronkari eta Zaraitzu
Negua hasi delako ez dira harrituko Erronkarin eta Zaraitzun (Nafarroa). Atzo eguerdian behintzat, elur ugarien eta tenperatura hotzen artean bazen ere, lasai zeuden bi eskualdeetako herritarrak. Ohituta daudela azaldu du Diego Bueno izabarrak. Goizean errepideak «nazkagarri» zeudela azaldu du, elurra kentzeko makinak Izabatik Belaguara bidean zebiltzalako, baina Burgirako norantzan apenas pasatzen zirelako. Eguerdi parterako txukundu zituzten bideak, ordea, eta aparteko arazorik ez zuten bideetan ibiltzeko. Asteazken gauean hasi zuen elurtea. Atzo eguerdira arte, «atertu gabe, baina gutxi» bota zuela ziurtatu du Buenok: «Neguko beste edozein egunetan bezala».
Aitziber Villalba Irati Irratiko esatariak ere patxadaz begiratzen zion zeruari. Zaraitzun elurra «dezente» egin duela, baina errepideetan-eta gatz nahikoa bota dutela, eta izotzak eta elurrak aparteko arazorik ez dutela eragin azaldu du. Hotza bai, ordea, eta galanta: Garraldan zero azpitik sei gradu izan zituzten goizeko bederatzietan. Eta Erremendian neurtu zen atzoko tenperatura hotzenetako bat: 10 gradu zeropetik.
5. Donostia
Kostatu zitzaion, baina Kontxako hondartza estaltzea lortu zuen elurrak. Egunari indar handirik gabe ekin zion, maluta txikiak botata eta hiria zuritu ezinik. Eguerdi aldera, ordea, indartsu hasi eta berehala utzi zituen irudi ikusgarriak.
Elurra baino, hotza izan zuten arerio donostiarrek. Ohikoak baino pertsona gehiagok igaro zuten gaua Abegi aterpetxean, eta udalak 34 tona gatz gordeta zituen, hirian ezbeharrak saihesteko. Aldapetan bota zuten bereziki. DYAko sei ibilgailu ere prest ziren, arazoak izan zitzaketen autoei laguntzeko. Eskolek, ospitaleek eta autobusen zirkulazioak kezkatzen zuten bereziki udala, Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaranen arabera. Eskoletan eta ospitaleetan ez zen arazorik izan, eta autobus zerbitzu guztiak normaltasunez eman zituzten. Haien beharra izan zen gainera; Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren aholkuak aintzat hartuta, autoa utzi eta garraio publikoaren alde egin zuten herritar askok, atzo hiri erdigunean zebilen trafiko urriak erakusten zuenez.
Testua kazetariok idatzi dute: Maite Azkuenagak, Garikoitz Goikoetxeak, Jon Olanok, Mikel Peruarenak eta Jon Rejadok.
Eguraldia. Hotzaldia
Euskal Herria, zero azpitik
Tenperatura oso baxuak izan arren, hotzak ez du ezbehar larririk eragin; elurrak, berriz, gorabeherak sortu ditu errepideetanElurra kostalderaino heldu da, eta zero azpitik 14 gradura iritsi dira mendialdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu