Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

«Euskal Herriak kanpotik zein barrutik izan behar du berdea»

EH Bildu koalizioak uste du ingurumen alorrean eta gizarte politiketan posible dela «bestelako eredu bat»

Unai Pascual, Laura Mintegi eta Itziar Ameztoi, ingurumen politikei buruzko mahai inguruan. RAUL BOGAJO / ARP.
edurne begiristain
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Indarrean dagoen eredu sozioekonomikoa «errotik» aldatu nahi du EH Bildu koalizioak. «Bestelako eredu bat» posible dela sinetsita dago. Eusko Jaurlaritzara iritsiz gero, horretarako neurriak hartuko ditu: ingurumena oinarri duen eredu sozioekonomiko baten alde egingo du, bai eta ekonomia pertsonen zerbitzura jartzearen alde ere. Ideia horiek guztiak «lan kolektiboaren» bitartez eraman nahi ditu praktikara EH Bilduk.

Laura Mintegi lehendakarigaia eta balizko gobernu taldeko arduradunak koalizioaren programa xehe ari dira azaltzen egunotan, han eta hemen egiten ari diren hitzaldi eta mahai inguruetan. Ingurumen arloarekin lotutako neurrien berri, esaterako, Unai Pascual arduradunak azaldu ditu, Mintegirekin batera, Gasteizko Goiuri jauregian. Lehendakarigaiak berak azaldu du hiru ardatz dituela koalizioaren ingurumen politikak: biodibertsitatea, eredu energetiko garbia eta garraio eredu iraunkorra. Asmo horiek teoriatik praktikara eramateko garaia dela esan du: «Gure asmoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea». Berdea hauteskunde kanpainako lelo hutsa baino gehiago izatea nahi du koalizioak: «Marketin operaziorik ez dugu egin nahi, Euskal Herriak kanpotik zein barrutik izan behar du berdea».

Ekonomia ekologikoa lortzeko beharraz mintzatu da ondoren Pascual: «Luzera begirako inbertsioa egin behar dugu, gure erantzukizuna baita baliabide ekologikoak kudeatzea eta ingurumena errespetatzea». Azaldu duenez, ondare naturalen «bidezko kudeaketa» egiteko, berotegi-efektuko gasen isurketa murrizteko eta klima aldaketari lotutako ondorioetara egokitu ahal izateko, zeharkako politika eraginkorrak jarriko ditu martxan koalizioak. Horien artean dago zerga sistema ekologikoarena: gehien kutsatzen dutenek gehiago ordain dezaten proposatuko du gobernura iristen bada.

Ingurumen arloan Euskal Herrian dauden «mehatxuei» ere aurre egin nahi die koalizioak, Pascualek azaldu duenez. Besteak beste, haustura hidraulikoaren aurka agertuko da, Garoñako zentral nuklearra eraisteko planak zehazteko eskatuko du eta abiadura handiko treneko lanak gelditu eta proiektuari buruzko gizarte eztabaida bultzatuko du.

Gizarte politikak «irauli»

Ingurumen arloan ez ezik, gizarte politikan ere eredu aldaketa proposatu du EH Bilduk. Laura Mintegi lehendakarigaiak enplegu, etxebizitza eta gizarte alorreko neurrien berri eman zuen atzo goizean, Bilbon, eta Mikel Santiago Justizia Soziala saileko arduradunarekin batera, mahai inguru batean parte hartu zuen arratsaldean, Barakaldoko antzokian.

Mintegik beste zerga politika bat eskatu du, gizarte politikak «iraultzeko». Koalizioaren lehentasunak kalitatezko enplegua sortzea eta lana banatzea izango da, eta hori lortzeko ekonomia pertsonen zerbitzura jartzea ezinbestekoa dela esan du Mintegik.

Hark azaldu duenez, enplegua banatzeko lanorduak gutxituko dituzte, eta gutxieneko soldata 1.075 eurokoa izatea proposatuko dute. Hori lortzea posible dela uste du koalizioko lehendakarigaiak: «Eredua bera kolokan jarri behar dugu, aldatu egin behar dugu, eta beste modu batera egin».

Gizarte zerbitzu publiko eta kalitatezkoaren alde lan egingo dutela agindu du, halaber. Hala, zerbitzu sozialen berrordainketa desagertzeko «pauso errealak» emango ditu koalizioak, eta zainketarako eskubide unibertsala bermatuko duen menpekotasunerako sistema eratuko du.

Etxebizitza alorrean, berriz, etxebizitzarako eskubidea unibertsaltzat joko duen legea diseinatu nahi du EH Bilduk. Besteak beste, lege horren bitartez Etxebide alokairu sozialerako erakunde publikoa bilakatu nahi du koalizio abertzaleak, eta desjabetzeak eragozteko, bankuek erakunde publikoen eskuetan utziko lituzkete dituzten etxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.