Sugeen Nazioarteko Eguna da uztailak 16, eta horrekin bat eginez, Aranzadi Zientzia Elkarteak bukatutzat eman du hiru hilabetez garatu duen Sugebizi proiektua. Sugeei buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa handitzea helburu duen egitasmoa, eta horretarako Twitterreko sugezainen laguntza izan du. Sare sozial horretako erabiltzaileek aurkitutako sugeei ateratako argazkiak igo dituzte astez aste, non eta noiz ikusi dituzten adieraziz, eta herpetologoek zer espezietakoak diren azaldu diete.
Bildutako datuak gaur eman ditu Aranzadik. Euskal Herrian dauden 11 suge espezietatik 10 aurkitu dituzte sugezainek. Lataste sugegorria izan da inork ikusi ez duena. Gehien ikusitakoa, berriz, eskulapioren sugea. 334 aipu jaso ditu Aranzadik #sugebizi traolarekin, eta 170 sugezainek hartu dute parte. Aipatutako sugeen hamarretik bi hilda zeuden sugeak izan dira.
Hain zuzen, historian zehar herritarrek «jazarritako» espeziea izan da sugea, eta herritarrek «kontzientzia hartzea» da horregatik Aranzadiren helburua, haien «parte-hartzea» bultzatuz. Sugeak «maitatzen» eta «errespetatzen» ikastea. Aranzadik eskerrak eman dizkie proiektuen parte hartu duten guztiei. «Txalotzekoa da egin duzuen lana! Sugeen inguruan informazioa biltzen lagundu diguzue, eta gainera, horiei buruz pixka bat gehiago ikasi duzue. Jarrai dezagun gure sugeak, eta hala, natura zaintzen! #sugebizi».