Herrialde Katalanetako politika, gizarte, lan, ekonomia, kultura eta kiroleko berrehun pertsona ezagunek Euskal Herrian «bazterkeriarik gabeko parte hartze politikoari» bide emateko eskatu diote Espainiako Gobernuari, atzo jendaurrean aurkeztutako Euskal Herriko bakearen eta demokraziaren alde idatziaren bitartez. Izenpetzaileek, Espainiako Estatuaren «inboluzio politikoa» salatu dute, eta, alde horretatik, uste dute Kataluniak ere parte hartu behar duela herri guztiek beren eskubide eta askatasun demokratiko guztiak, mugarik gabe, defenda ditzaten beharrezko diren ahaleginetan.
«Onartezina da justiziaren erabilera politikoa eskubide konstituzional oinarrizkoenak murrizteko», dio agiriak, eta murriztutako eskubideak ere aipatzen ditu: biltzeko, alderdi bateko kide izateko eta hauteskundeetan lehiatzeko hautagaitzak osatzeko eskubideak, besteak beste.
Kataluniako Kazetari Eskolan aurkeztu zuten atzo, eta idatziak euskal gatazkarekiko estatuaren jarrera immobilista salatzen du, baita euskal herritarrei erabakitzeko eskubidea ukatzeko jarrera ere. Euskal Herrian normalizazio demokratikoa berrezartzeko exijitu dute; hau da, adierazpen askatasuna, manifestazio askatasuna eta bazterketarik gabeko parte hartze politikorako askatasuna berrezartzeko. Ezker abertzaleak legezko behar duela izan iritzi diote. Polizia eta kartzela alorren normalizazio juridikorako neurriak ere exijitu dizkiote Espainiako Gobernuari.
Sinadura bilketa handia
Alor askotako bederatzi pertsona ezagunek bultzatu dute idatzia. Horietatik bost zeuden atzoko agerraldian: Josep-Lluis Carod Rovira Generalitateko lehendakariorde ohia, Gemma Calvet abokatua, Silvia Bel aktorea, August Gil Matamala jurista eta Gabriela Serra mugimendu bakezaleko kidea. Agiriaren hasierako berrehun izenpetzaileez gain, jende askok idatziarekin bat egin dezan sinadurak biltzen hasiko dira orain, eta alderdien sostengua jasotzea ere espero dute.
Gil Matamalak azaldu duenez, adierazpena «abiapuntua» izango da «Euskal Herriaren normalizazio demokratikoaren alde luzaroan lanean dabiltzan pertsona horiek guztiak batzeko».
«Erabaki okerra»
Irlandatik ere deia jaso zuen atzo Madrilek. Sinn Fein alderdi errepublikanoko ordezkari Alex Maskeyek «bakea lortzeko oztopotzat» jo zuen Sortu alderdia legeztatzearen aurka Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia. «Espainiako Gobernuak okerreko erabakia hartu du. Atzerapausoa da Euskal Herriko gatazkaren konponbide demokratikoa bilatzeko», esan zuen buruzagi errepublikanoak.
Espainiako Barne Ministerioan alderdiko estatutuak aurkeztu zituzten Sortuko ordezkariei laguntzera joan zen Maskey Madrilera iragan otsailaren 9an. «Espainiako agintariek bake aukerari heldu behar diote, eta demokrazia eta parte hartzea bultzatu. Egungo politikak, berriz, alderdi politikoak ilegalizatzearekin batera, elkarrizketarako espazioak itxi eta oinarrizko eskubideak ukatzen ditu», esan zuen Sinn Feineko ordezkariak.
Euskal Herrian normalizazio demokratikoa ezartzeko eskatu dute Kataluniatik
Herrialde Katalanetako politika, gizarte, lan, ekonomia, kultura eta kiroleko berrehun ordezkarik izenpetu dute idatziaIrlandatik ere irtenbide demokratikoa bultzatzea galdegin dio Sinn Feinek Madrili
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu