Antoni Batista. Kazetaria eta idazlea

«Euskal Herriaren etorkizuna iragana baino askoz hobea izango da»

Euskal egoera politikoa ondo ezagutzen du Antoni Batistak. ETAk jarduera armatua bukatutzat eman arte garatutako prozesua deskribatzen duen liburu bat kaleratu berri du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Hogeita bost urtean Euskal Herriko egoera aztertzen aritu da Antoni Batista (Bartzelona, 1952), berriemaile politiko gisa. Gatazka eremuetako kazetaritzan aditua da, eta euskal politikari buruzko hainbat liburu idatzi ditu. Oraingo honetan, Ernest Hemingayren eleberri bat eta Gary Cooper protagonista duen film bat gogoan, literaturan eta zineman erreferentzia ugari dituen izenburu bat hautatu du garai politiko hau deskribatzen duen liburuarentzat: Adiós a las armas. Una crónica del final de ETA (Agur armei. ETAren amaieraren kronika bat).

Liburu hau egiteko lana 2009an hasi zen. Orduan, zerk erakusten zuen ETAren amaiera hel zitekeela?

Ezker abertzaleko iturri fidagarri batek Fase politikoa eta estrategia argitzen dokumentua pasatu zidan, sektore horretako oinarri sozialek eztabaidatu behar zutena. Bortizkeriaren amaiera izan zitekeela sinetsi nuen, eta, lekukotasun bakarra ez izateko ezker abertzalearen barneko beste iturri konplexuago bat bilatu ondoren, egiaztatu nuen indarkeria alde batera utziko zutela eta fase politikorantz abiatuko zirela. Hori guztia bi fasetan idatzi behar zela pentsatu nuen: alde batetik, bi urte hauen egunerokotasuna bilduko zuen kronika, eta, bestetik, azken hogei urteetako ibilbidea azalduko zuena. Izan ere, nire ustez, prozesu honen hasiera duela hogei urte bilatu behar da.

Duela hogei urteko garaia aipatu duzu. Zure ustez, prozesua Aljerko elkarrizketetan hasi zen?

Hainbat gertakizun izan ziren urte haietan: Aljer, Bidarteko atxiloketak —hau da, errepresioa aregaotu egin zen, presio poliziala eta judiziala handitu, eta Bartzelonako Olinpiar Jokoetan ez zen atentaturik izan—. Litekeena da elkarrizketak egon izana.

Bestalde, elementu teorikoa dago. Julen Madariagak zein Eugenio Etxebestek, ETAren historian hain garrantzitsuak direnak, idatzita utzi zuten indarkeriaren zikloak behin betiko kartzelara eramaten zituela militanteak, eta askapen prozesuan berdinketa amaigabea egotea bermatzen zuela. Ziklo politikoak, ostera, independentziaren prozesua ekar zezakeen, haien esanetan.

Literaturan eta zinemagintzan erreferentzia ugari dituen izenburu bat hautatu duzu. Zein da ETAren amaieran eta gaur eguneko euskal politikako adierazpen eta ekintzetan dagoen antzezpen maila?

Ezker abertzaleak bere ibilbide osoan erakutsi du arte eszenikoak, dramaturgia, iragarki hizkuntza eta kartelismoa menperatzen dituela.

Noski, antzezpena badago, bai, baina antzeko prozesu guztietan faktore sinbolikoak ahozko hizkuntzak baino garrantzi handiagoa izan du sarritan.

Euskal Herrian berriemaile politiko izan zaitugu 25 urtez. Nola aldatu daeuskal gatazkalan horretan hasi zinenetik?

Nik uste dut belaunaldien arteko jauzia egon dela. Gaur egun ezker abertzalea erakundeetan ordezkatzen duten pertsonak ez zebiltzan politikagintzan lehen; gizarte zibiletik irtendakoak dira. Ez dute inoiz atentaturik gaitzetsi behar izan, gertatzen ziren garaietan ez zeudelako [politikagintzan].

Horrez gain, nazioarteko ekosistema soziopolitikoan ere aldaketak izan dira. Horregatik, atzera begiratzeko behar handia duen jendea dagoela ikusten dudanean, pentsatzen dut: atzera begiratzea? Beharbada, ez genuke geure burua ezagutuko!

Zeintzuk dira bake iraunkorrera heltzeko egin beharko liratekeen hurrengo urratsak?

Ez dut esan nahi zer egin behar den. Sektore guztiek zeregin ugari dauzkate, zirraragarriak diren zereginak, indarkeriarik eta mehatxurik ez dagoelako. Hemendik aurrera, dena izango da hobea. Euskal Herriaren etorkizuna iragana baino askoz hobea izango da.

Zeintzuek izan dute eragin handiena ETAren erabakian? Zerk bultzatu du ezker abertzalea soilik bitarteko politikoak erabiltzera?

Ezker abertzalea beti izan da batzar mugimendua. Haiei kritika egiteko erabili izan dena aldarrika dezagun orain: indarkeriaren amaiera bideratu duen subjektu politikoa ezker abertzalea da.

Azken bi urteetan milaka pertsonak parte hartu dute prozesuan, eta horrek kolektibo osoa eraman du berekin. Pertsona jakinei dagokienez, lehenago aipatu dut Eugenio Etxebestek eta Julen Madariagak arlo teorikoan duela hogei urte izan zuten buruargitasuna.

Gaur egunean, Rufi Etxeberria, Rafa Diez, Pernando Barrena, Joseba Permach eta Iñigo Iruinek osatzen duten think tank-a aipatuko nuke. Politikari oso indartsuak dira, eta gizarteak ez du orain arte ekiten ikusteko aukerarik izan. Think tank horren muturretan leudeke, alde batetik, Arnaldo Otegi eta, legezkotasunaren beste aldean, Josu Urrutikoetxea.

Irlandako gatazka erreferentzia gisa hartu izan da prozesuan aurreraegiteko eman behar diren pausoak zehazteko orduan. Zeintzuk dirabi prozesuen artean daudenantzekotasun eta desberdintasunak?

Antzekotasunik handiena da bi kasuetan egon dela hizkuntza oso indartsua duen inperialismoaren aurkako borroka bat.

Desberdintasunak asko dira, baina interesgarriena bien artean egon daitekeen kontaktu puntua izan daiteke; hau da, bakerako metodologia.

Posible da Aieteko Konferentziaren tankerako ekitaldi bat antolatzea Espainiako Gobernuak ezagupenik eta baimenik gabe?

Posible da, baina seguruenik ez da hala izan. Gobernuaren ezagupenik eta beligerantzia ezik gabe, oso zaila izango zitekeen maila horretako politikariak han egotea. Batzuetan diplomazia aktiboa dago, eta beste batzuetan pasiboa. Diplomazia, askotan, egiten uztea da, isiltasuna.

Estatuek, oraingoz, sistematikoki ukatzen dute Aieteko Adierazpeneko bigarren eta laugarren puntuei buruz hitz egiteko aukera. Denbora neurtzeko modu bat da, ala ez dute arlo horien inguruan negoziatzeko borondaterik?

Aieteko Adierazpenak sinatzaileak baino ez ditu konprometitzen.Presoen auzia PPko gobernuaren eskuetan dago. PPk Euskal Herrian orain arte gauzatu duen politika terrorismoaren aurkakoa baino ez da izan: polizia eta epaileak.

Indarkeria jokalekutik irteten denetik, politika horrek ez du balio; beraz, PPk hausnarketa egin behar du indarkeriak kutsatzen ez duen independentismoari politikoki aurre egiteko. Dena den, ezker abertzaleak bi urtean eta aurreko hemezortzietan ere lan egin du bere jarrera aldatzeko; ez diezaiogun eskatu PPri bere politika aldatu dezan ehun eguneko grazia eperik eman gabe.

Nahikoa da ezker abertzaleak ETAren biktimei buruz aitortutakoa?

Argi dago ezker abertzaleari, urrats bat egiten duen bakoitzean, beste bat egitea eskatzen zaiola, eta jokoaren arauak aldatzen dizkiotela aurreko arauak onartzen dituen bakoitzean.

Ezker abertzaleak biktimen auzian pauso oso garrantzitsua eman du: zuzenean hitz egin du ETAren biktimei buruz, eta Rufi Etxeberriak irakurri du adierazpena, ez edozeinek. Egindako kalteari buruz berba egin dute. Ez dago bigarren urratsik lehenengo urratsik gabe.

Hitzaren bitartez defendatzen badira, proiektu politiko guztiak bete daitezke? Gehiengo sozial nahikoa egongo balitz, autodeterminazio erreferenduma egitea baimenduko lukete estatuek?

Gaur egun zalantzan dagoena Espainiarekin egindako paktua da. Estatutu baten atarikoan nazio katalanari buruz hitz egiteko kontu txiki baten inguruan ere paktuaren bidetik zereginik ez badago, litekeena da ezker abertzaleak nazioarteko eszenografiarekin irudikatu duenagertatzea. Ezker abertzaleak adierazi nahi izan du adostasunaren bidea agortutzat eman duela, eta alde bakarreko independentzia deklaraziorantz doala, gehiengo sozial nahikoa egongo balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.