Euskal Herriko 15 hondartzari eman diete bandera beltza

Surfrider Fundazioak atzo jakinarazi zuen aurten Lapurdiko hamar hondartzari eman diela sinbolo iluna

Aitor Renteria.
ASIER ITURR
2003ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Bi Ahizpak, Sokoako hondartza eta Gotorlekuak, Donibane Lohizuneko Senix hondartzak, Getariako Zenitz hondartzak, Bidarteko Uhabiak, Miarritzeko Milady eta Marbella hondartzek, Angeluko Urrezko hondartzak zein Barrak, Eako hondartzak, Lagakoak, Plentziakoak, Mutrikukoak eta Zumaiakoak. Orotara, Euskal Herriko hamabost hondartzak jaso dute bandera beltza. Ekologistak Martxan taldeak eman zizkien bandera beltzak Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzei, iragan asteburuan. Surfrider Fundazioak eman zizkien bandera beltzak Lapurdikoei, atzo. Horrez gain, Prestige-ren hondamendia dela eta, Surfriderrek bandera beltza eman dio Europari, itsasoko istripuen kontrako neurririk ez hartzeagatik eta ihardokitzen ez jakiteagatik.

Cendrine Templier Surfrider Fundazioko Ingurumen Saileko arduradunak atzo adierazi zuenez, aurtengo bandera beltzak bereziak dira. «Prestige-ren eragina 2.000 puntu ezberdinetan sentitu da eta horretan soilik oinarrituz, bandera beltza etengabea eta bakarra ezarri beharko genuke Portugalgo iparraldetik Normandiako kostalderaino». Oro har, Lapurdikoak kontatuz, Fundazioak 59 bandera beltz eman ditu Frantziako Estatuan. Iazko emaitzekin erkatuz, kopurua 64tik 59ra txikitu da. Lapurdin ere 11tik 10era jaitsi da kopurua. «Emaitza hauetan oinarrituz nehork ez dezala irakurketa baikorra egiteko tentaldirik izan», azaldu zuen Templierrek.

Izan ere, bandera beltzen zerrenda osatzeko, Surfriderrek zerbitzu publiko ezberdinetako emaitzak eta azterketak eskatzen ditu. 137 Herriko Etxeri galdetegiak igorri zizkieten, baina 16 erantzun baino ez dituzte bildu. «Horrek argi erakusten digu zenbait erakundek gure egitasmoa trabatzeko informazioa ezkutatu dutela eta ez digutela helarazi. Alta, guzion zergekin ordaintzen ditugu ikerketa horiek eta xehetasunak eskuratzeko eskubide osoa daukagu», gaineratu zuen. Herriko etxeek eta erakundebatzuek jarrerak aldatu dituztela eta uren zein hondartzen kalitateaz arduratzen hasiak direla azaldu zuen Surfriderrek. Dena dela lan horiek oraindik ez direla nahikoak adierazten dute bandera beltzen zerrenda osatzeko bildutako emaitzek.

Europako erakundeen jarrera, auzitan

Mard Berard Administrazio Kontseiluko Lehendakariordeak Prestige ontziak eragindako kutsaduraren irakurketa zabala egin zuen:«Europak, oro har, deus ez du egin itsas istripuak ekiditeko eta horren froga dira Prestige zein Tricolor ontzien istripuak eta Mediterraneo aldean legez kanpo egindako garbiketak».

Berarden iritziz, ezin daiteke uler Fipol erakundea istripuen sorreran atzematea eta denbora berean kalte-ordainak finkatzeko erantzukizuna izatea. «Eragindako kalteen araberako kalte-ordainak indarrean eman behar ditu Europak», dio Berardek. Kritika zorrotzak egin zizkien Europako hautetsiei Ikerketa Batzordea sortzea saihesteagatik. «Hemen Espainaren jarrera salatzen dute, baina gero Europan, politika dela medio, Aznarren erantzukizuna eta arduragabekeria estaltzen dute».

Ekologistak Martxan-en ustez, Gipuzkoako eta Bizkaiko hondartzen egoera ez da ona. Hondartzak txarto egotearen arrazoia Prestige> ontziak eragindako hondamendia bakarrik ez dela dio Marije Arias Ekologistak Martxan-eko kideak, eta kostaldean egiten ari diren hainbat hirgintza proiekturen «ondorio kaltegarriak» gogoratu ditu. Hondartzen baldintza eskasen inguruan gizartea sentsibilizatu guran, talde ekologistako kideek bandera beltzak ipini zituzten joan den igandean Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartza batzuetan. Hala, bandera urdinei kontrapisua egingo dion ikurra ezarri zuten hondartza horietan.

Ariasen esanetan, bandera urdinen politika «iruzurra» da, eta, hori erakusteko, Europako Batasunak banderak ematen dituen Ingurugiro Hezkuntzarako Europako Fundazioari babesa kendu diola gogoratu du. «Bandera urdina daukan hondartza bat egoera onean dagoela pentsatzen dute hondartzen erabiltzaileek, baina konturatu behar dira banderak ez direla balio ekologikoetan oinarrituta ematen», esan du. Hala, bandera urdinak «interes turistikoen arabera» ematen direla azpimarratu du.

Plentzia, Ea, Laga eta Itzurun hondartzek eta Zumaia eta Getariko kirol portuek lortu dute aurten bandera urdina Bizkaian eta Gipuzkoan. Azkorri, Gorrondatze, Bakio, Karraspio eta Malkarbe hondartzek, ostera, galdu egin dute. Ariasek aipatu duenez, Laga eta Itzurun hondartzek bandera urdina lortzea da«iruzurraren adibide argiena»: «Lagan fuel arrastoak aurkitu genituen lurpean, 45 zentimetrora. Itzurun hondartza, berriz, fuelak gehien kaltetu duen hondartzetako bat da».>

Eusko Jaurlaritzari kritika

Eusko Jaurlaritzak Prestige ontziak eragindako hondamendiaren aurrean izandako jarrera ere kritikatu du Ekologistak Martxan-eko kideak. Itsasoan arrantzaleekin izandako jarrera «egokia» izan dela esan ondoren, lehorreko politika ez dela hain ona izan nabarmendu du: «Gune lehorretan, eskuareak erabili dituzte, fuel arrastoak txiki-txiki egin arte. Azkenean, fuela eta harea nahastu egin dira. Gune hezeetan, berriz, fuela filtratu egin da. Gero, Jaurlaritzako teknikariek ez dituzte arrokak garbitu, eta orain, beroarekin, arroketako fuela likido bihurtu eta hondartzera heltzen hasi da».

Era berean, hondartzetara oraindik fuela heltzen ari dela azpimarratu du Ariasek, eta horren aurrean Jaurlaritzaren jarrera ez dela egokia. «Langileak goizean hasten dira lanean, baina fuela mareen arabera ailegatzen da, eta mareek ez dute ordutegirik». Bide batez, galipota garbitzen duten langileak eta erabiltzaileak hondartzetan aldi berean ikustea «kontraesana» dela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.