Politika

"Euskal Herriko ezkerrarentzat ekarpen adierazgarria da"

Gorripidea mugimenduko 40ren bat lagunek Alternatiba alderdian sartzea erabaki dute. Joxe Iriarte 'Bikila', Juan Ramon Garai eta Mikel Martin daude haien artean. Agerraldia egin dute.

Oskar Matute eta Joxe Iriarte 'Bikila', prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2015eko otsailaren 10a
20:18
Entzun

«Ezker alternatiboan eta subiranistan» espazioak irabazten joateko eta «EH Bildu indartzeko» asmoz, Alternatibak agerraldi «berezia» egin du: Gorripidea mugimenduko berrogeiren bat lagunek Alternatibako militante izateko pausoa eman dutela jakinarazi dute hedabideen aurrean. Haien artean dira Joxe Iriarte Bikila Gorripideko bozeramaile eta Zutik-eko kide historiko izana, Mikel Martin sexu askapen eta homofobiaren aurkako mugimenduetako militantea, Joxemari Karrere ipuin kontalaria, Iñaki Martin sindikalista eta Gasteizko martxoaren 3ko gertakarietako lekukoa, Juan Ramon Garai frankismoaren biktimen memoria berreskuratzeko lanetan ari diren elkarteetako kidea, Kepa Olaiz internazionalismoan eta ekologismoan dabilen militantea eta Pedro Encinas militante ekologista. Donostian eman dute prentsaurrekoa; Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EH Bilduko legebiltzarkidea eta Iriarte mintzatu dira.

Gorripidean aritzeaz eta norberak bere eremuan egiten duen lanaz gain, Alternatibak garrantzia ematen dio haiek sasoi batean EMKn, LKIn edota Zutik-en ibili izanari ere, eta «une jakin hauetan Alternatibarekin eta, beraz, EH Bildurekin bat egiteari». Alderdiko iturriek diotenez, «Euskal Herriko ezkerrarentzat ekarpen adierazgarria da».

Gorripideko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kideek joan den azaroaren 29an Arrasaten (Gipuzkoa) egindako batzar batean «irizpide bateratu» bat lortu zuten, «gizartean gertatzen ari diren aldaketei modu egokienean aurre nola egin» hitz egin ondoren: «apustuak» egiteko garaia dela ondorioztatu zuten, eta Gorripideko kide izan arren handik kanpoko mugimendu politikoetan aritu daitezkeela. Hala erabaki dute batzuek Alternatibaren bidez EH Bildun aritzea, beste batzuek Podemosen jardutea erabaki duten bezala. «Nola kudeatu hori?», galdera egiten dute. Gorripidea elkarte sozial gisa egokitu dute, eta «jarrera baterakoia eta irekia» izango dute. Maiatzeko bozen ostean beste batzar orokor bat egingo dute.

Alternatibak 2009an egin zuen biltzar eratzailea. «Euskal ezker alternatiboaren elkarlana bermatuko duen paradigma berria» sortzea du helburu. 2011tik aurrera EH Bildu koalizioko parte da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.