komunikazioa

Euskal Herriko prentsak jasan dituen erasoen arrastorik ez RSFren 2013ko txostenean

Ez du jaso Lander Arbelaitz kazetariak apirilean Donostiako 'herri harresian' jasan zuen erasoa, ezta 'Ateak Ireki'-ren itxiera ere. Jabier Salutregiren espetxeratzea ere ez du jaso, eta adierazi du Espainian ez dagoela espetxeratutako kazetaririk.

Ertzaintza, Arbelaitzi oldartzen. A. C., ARP
jon ordonez garmendia
2014ko otsailaren 7a
18:43
Entzun

Reporters Sans Frontieres (RSF) Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak argitara eman du 2013an munduan prentsaren kontra izan ziren erasoak jasotzen dituen txostena, baina Espainiari dagokion atalean ez ditu jaso Hego Euskal Herrian iaz gertatutakoak, ezta Jabier Salutregi Egin-eko zuzendariaren espetxeratzea ere.

Salutregi zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ari da betetzen; Teresa Toda iaz atera zen zigorra bete ondoren, baina hori ere ez dute jaso txostenean. RSFren arabera, Espainian ez dago kazetaririk espetxeratuta. PEN Internationalek ere mozio batean salatu zuen Toda eta Egin-eko gainerako presoen egoera, eta aho batez onartu.

Arbelaitzen aipamenik ez

Espainiari dagokionez aipatzen du RSFk kaleko protestak lantzeko garaian urrutitik aritzera behartu zituztela kazetariak, eta protesta horietan atxilotutako kazetari batzuen kasuak ere bai. Ez du aipatzen, ordea, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariak apirilean Donostiako herri harresian Ertzaintzaren aldetik jaso zuen tratua.

Orduko hartan, gazte batzuen atxiloketa oztopatzeko protesta Bulebarreko kioskotik lantzera behartu zituzten kazetariak. Arbelaitzek, ordea, gazteak zeuden lekutik bertatik erabaki zuen lana egitea. Kazetari bezala identifikatu arren, ertzainek lurrera bota eta jo egin zuten. Euskal Kazetarien Elkarteak gertatutakoa salatu zuen, eta Arbelaitzek Ricardo Arregi sarien aipamen berezia jaso zuen, Donostiako Aske Guneko lanagatik.

'Ateak Ireki' eta 'Apurtu.org' ere, ikustezin

RSFren txostenak ez du jaso Ateak Ireki webgunearen itxiera ere. Txostenean dio "ETA zaintzen" jarraituko duela informazio askatasunaren kontrako mehatxurik ote dagoen jakiteko. Ateak Ireki-ren itxieraz, ordea, txintik ere ez du esaten. Ateak Ireki azaroaren 14an itxi zuen Auzitegi Nazionalak,  "ETAren alde Herrira-ren legez kanpoko ekintzak" saihesteko asmoz". Herrira-ren kontrako operazioarekin lotu zuten itxiera.

Abenduaren 28an Apurtu.org atariaren kontrako sumarioa artxibatu zutela ere ez du jaso txostenak. 2011ko urtarrilean itxi zuten Apurtu.org webgunea, Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskaren aginduz. Lau lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Haietako bat, Miguel Angel Llamas Pitu, urte eta erdi inguruz izan zuten kartzelan. Webgune horren itxieraren ondorioz sortu zuten Ateak Ireki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.