komunikabideak

"Euskal herritarren zerbitzuko" eta "euskara normaltzeko" EITB nahi du bertako langile talde batek

'Bost puntu' kanpaina hasi dute. EITBk "independentea" eta "kalitatezkoa" izan beharko lukeela diote.

2012ko ekainaren 4a
18:28
Entzun

EITBko langile talde batek "euskal herritarren zerbitzuko" eta "euskara bultzatu eta normaltzeko" irrati-telebista publikoa eskatu du, 'Bost puntu EITBrentzat' izeneko kanpainan. EITBk, haien arabera, "independentea" eta "kalitatezkoa" izan beharko luke, gainera.

Eskaera "EAEko aukera politiko guztietako ordezkariei" eta EITBko Administrazio Kontseiluko kideei helarazi diete, eta herritarren atxikimenduak jasotzen hasi dira. 

'Bost puntu EITBrentzat'

"Euskadiko Autonomia Erkidegoko hurrengo hauteskundeen ostean agintzen duenak agindu, premia handiarekin heldu beharko dio EITBren bideraketari. Idatzi hau sinatzen dugunok bat gatoz gutxieneko bost puntutan, aldi berean oinarrizko eta ezinbesteko direnak.

1. EiTBk euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izan behar du, euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena, ikusleekiko begiramenduna eta plurala, interes publikoari bideratutako edukiekin, produkzio propioaren bidez, gainerako kate publiko eta pribatuekiko zeregin orekatzailea izango duena.

2. EiTBk bete egin behar du sortzetik duen euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa. Ondorioz, hedadurari eta eraginari dagokionean, hizkuntzak duen lurraldetasunaren bezainbestekoa izan beharko du gutxienez.

3. Lehentasunezkoa zaion zeregin informatiboan, neutraltasunik gabe, inpartzialitatea behar du EiTBk. Enbarazu egin arren, botereek errespetatuko dutena behar du izan. Hezi, informatu eta entretenitzeko zeregin hirukoitzerako beharrezkoa duen independentziak, lege berri baten bidez sakoneko aldaketa ekarri behar die zuzendaritza organuak aukeratzeko dauden moduei.

4. EiTBk eredugarria izan behar du gaurko euskal kulturaren funtsezko osagaien errespetuan, Euskal Herriko lurralde guztien arteko harremanen sustapenean, eta sarri interesatuak eta artifizialak diren hesiak gainditzeko ahaleginean.

5. EiTBk kalitatezko erreferentzia profesionala izaten saiatu behar du ikusentzunezkoen munduan. Baditu horretarako behar diren esperientzia eta baliabideak, nola teknikoak, hala pertsonenak ere. Gidatuko dutenek ere asmatuko beharko dute maila berekoak izaten.

Hala bada, publikoaren zerbitzuko EiTB eskatzen dugu, euskarari lehentasuna emanez, independentea, kalitatezkoa eta euskal kultura bultzatuko duena.

Ados bazaude, atxiki zaitez".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.