Hizkuntza gutxituak

Euskal Herritik abiatu da okzitanieraren aldeko lehen “Korrika”

La Passem izeneko egitasmoa Bidaxunetik (Nafarroa Beherea) irten da lehenengoz, Korrikaren formatu antzekoarekin. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak lekukoa hartu du hasierako metroetan.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, La Passem okzitanieraren aldeko lasterketan, gaur, Bidaxunen (Nafarroa Beherea). AEK
2018ko maiatzaren 25a
09:56
Entzun

Korrikaren bizigarriak beste kimu bat ernatu du gaur. Euskal Herrian jaio da, Bidaxunen (Nafarroa Beherea), La Passem okzitanieraren aldeko korrikaldia. Gaurtik igandera bitartean 400 kilometroko ibilbidea egingo du Okzitanian barrena, Korrikaren antzeko lekukoa eskurik esku aldatuz.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak hartu du lekukoa La Passemen lehenengo metroetan. Etxegarai Bidaxuneko eskola publiko elebidun berriaren irekieran izan da aurretik.

Hizkuntzaren transmisioari egiten dio erreferentzia egitasmoaren izenak. Pasatu edo transmiti dezagun, esan nahi du La Passemek okzitanieraz.

Daniel Barneix egitasmoaren antolatzaileetako batek BERRIAri azaldu zionez, 400 kilometroetan txandak egiteko nahikoa boluntario biltzea izan da Ligams elkartearen lehen helburua. Bigarrena, hizkuntzaren transmisioaren inguruko kontzientzia piztea litzateke, eta, hirugarrena, dirua biltzea, gau-eskolei eta Calandreta okzitanierazko hezkuntza sustatzeko elkarteari laguntzeko.

La Passemekin, handitzen jarraitzen du Korrikaren kimu zerrendak, eta Euskal Herriko “zoro” haien filosofiak hedatzen jarraitzen du. Barneixek deiak jaso ditu Alsaziatik; han ere Korrika moduko bat egin nahi dute 2019. urterako. “Korrika ideia zoragarria da: hizkuntzak asko intelektualtzen ditugu, eta jende askok errazago egiten du bat halako gauza ludiko batekin”.

Europn hizkuntza gutxituen alde antolatzen diren zazpi lasterketek Eurokorrika sarea osatu dute, hizkuntza horien aldarrikapen bateratuak egin eta batera lan egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.