Euskal Herritik, babesa eta mespretxua Sanchezi

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek karguan jarraitzea erabaki du, eta erreakzio erreskada eragin du Euskal Herriko politikarien artean.

Pedro Sanchez eta Maria Txibite, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Pedro Sanchez eta Maria Txibite, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko apirilaren 29a
11:58
Entzun

Gaur 11:00etan ezagutarazi du zer erabaki hartu duen, bost egunean hausnartu ostean: Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente izaten jarraituko du. Erabakiak berehala eragin du erreakzio erreskada Euskal Herriko politikarien artean.

1

PSE-EE - PSN

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite izan da bere iritzia adierazten lehenetarikoa. Eskerrak eman dizkio Sanchezi, X sare sozialean: «Eskerrik asko, presidente, politika birsortzen laguntzeagatik, lokatzetatik urruntzeagatik». PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak pozez hartu du Sanchezen erabakia: «Ona da Espainiarentzat eta Euskadirentzat, baita herritar gehienei laguntzen ari diren politiketan aurrera egiten jarraitzeko ere». Orain, nabarmendu du lanean jarraitzeko garaia dela; herritarrei erakustekoa, eskuindarren erasoei aurre eginez, PSOEk gobernatzen jarraituko duela.

Halaber, PSE-EEko kide Idoia Mendiak ere hartu du hitza: «Geldialdi honek guztioi balio behar digu, presidenteak esan duen bezala, nahi dugun gizarteari eta nahi dugun politikari buruz hausnartzeko». Mendiak «ideien eta proposamenen debatea» eta «kritika eraikitzailea» defendatu ditu. Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkaria ere etorkizunera begira jarri da: «Lanean jarraituko dugu atsedenik hartu gabe, demokrazia birsortzeko, eskubideak sendotzen jarraitzeko, politika garbia gailentzeko. Inoiz baino indar handiagoz egingo diegu aurre etortzeko dauden erronkei».

PSN-n ere, antzeko iritziak. Ramon Alzorriz Nafarroako Parlamentuko PSNren bozeramaileak nabarmendu du gaurkoa «egun handi bat» dela demokraziarentzat eta botere banaketarentzat. Halere, Sanchezena «puntu eta bereiz bat» izan dela ziurtatu du: «Bukatu da demokrazian dena balekoa izatea».

2

EAJ

EAJren izenean, Aitor Esteban Espainiako Kongresuko bozeramaileak hitz egin du komunikabideen aurrean. Ezohiko egunak izan direla esan du, eta Sanchezek egin duena egitea ez zela beharrezkoa publikoki jakinarazi dituen helburuak lortzeko. Poztu da jada amaitu delako: «Aurreko egoerara itzuli gara, eta lanean jarraituko dugu gure programa aurrera ateratzen saiatuz. Gauza asko dago egiteko, eta horretan arituko gara».

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria ere mintzatu da. Esan du errespetatzen dutela Sanchezen erabakia, baina «inbestidurako konpromisoak» betetzeko eskatu du: «Espainiako Gobernuak konpromiso batzuk hartuak ditu, eta, zehazki, presidenteak berak hartu zituen legealdi honetarako inbestidura akordioak sinatzean».

3

EH Bildu

Sanchezen iragarpenaren berri izan berritan, Euskal Herrira begira jarri da Mertxe Aizpurua, EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramailea: «Pedro Sanchezen gaurko iragarpena eta Espainiako Estatuaren beharrezko biziberritzea aukera bat izan behar da euskal gizartearentzat». Alabaina, hitz hutsen gainetik, ekintzak behar direla nabarmendu du: «Orain arte bezala, tinko lan egingo dugu gure eskubide nazionalak eta sozialak ukatzen dituen 78ko erregimenaren hipoteka kentzeko eta gure etorkizunaren jabe egingo gaituzten neurriak martxan jartzeko».

4

Elkarrekin Podemos

Elkarrekin Podemosen izenean, Pilar Garrido idazkari nagusiak hitz egin du. Herritarrei «ziurgabetasuna» sortu izana egotzi dio Sanchezi, baita proposamenik ez egitea ere: «Sinestezina da. Sanchez presidentea geratu egin da, baina ez du ezer iragartzen. Ez da ulertzen herrialdea halako ziurgabetasunean jartzea, eta hainbeste aipatzen duen demokrazia indartzeko proposamen bakar bat ere ez egitea».

5

UPN

Sanchezentzat hitz gogorrak izan ditu Cristina Ibarrolak, UPNren presidente berriak. Espainiako Gobernuko presidenteak egindakoa «adarjotze bat» iruditu zaio, eta «plantak egiten» aritu izana egotzi dio: «Antzerki hutsa izan da». Gainera, buruan «kalkulu politikoak» izan dituela ziurtatu du: «Bere eginbeharrak utzi ditu bost egunean, populismoaz baliatu nahi izan du berriro, bere burua biktima gisa agertu, eta saiatu da bere irudi pertsonala indartuta ateratzen; uste dugu hori arriskutsua dela».

6

Sumar

Sumarren lehendakarigai izan den Alba Garciak X sare sozialean egin ditu adierazpenak. Nabarmendu du «eskubideak irabazten» jarraitu beharra dagoela, eta eskuindarrek ez dutela «boterea eta aberastasuna birbanatzea» jasaten. Erantsi du: «Politika ezin da beste arazo bat izan jendearentzat; politikak beren bizitzak hobetzeko balio behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.