Andoaingo Bastero kulturunean egin dute gaur goizean ikastolek ikasturte berria hasteko ekitaldia. Bertan, Tellituk azaldu du egungo hezkuntza sistema amaituago dagoela, eta funtsezkoa dela gogoeta sakon bat egitea. "Gure hezkunza sistemaren emaitzak hobetzeko neurriak hartu behar ditugu". Hain zuzen ere, gogoeta hori sustatuko du Ikastolen Elkarteak azaroan egingo dituen topaketetan. "Beste eredu batzuk azaldu nahi ditugu, gure artean ukiezinak diren tabuak gainditzen hasteko, ereduak tokian tokiko neurrira egin daitezkeela eta egin behar direla frogatzeko, mimetismoz ibili gabe, inposizioari muzin eginez". Halaber, hezkuntza sistema publiko bakar baten alde egin du.
Gaurko ekitaldiaren leloa Elkartasuna lagun izan da, 20 urte betetzen baitira ikastolek elkartasun kutxa sortu zutela. Kutxa horrek ikastolen geroan izan duen garrantzia nabarmendu dute, eta omenaldia egin diete hura bultzatu zutenei.