Euskararen inguruan "egiteko asko" dago, eta dakienak erabiltzea da horietako bat, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz sailburuordearen hitzetan. Horretan jarri nahi dute arreta gaur aurkeztutako egitasmoarekin; zehazki, euskaldunen hizkuntza ohituretan. Erabiltzea da "eraginkorrena", baina "askotan ez da hain erraza", Baztarrikak nabarmendu duenez. "Korapilo" asko daudelako atzean: "Ahal dugun eta nahi dugun herritarrok askotan lehen hitza intuizioz hautatzen dugu. Zalantzarik dugunean, askotan erdarara joz, ohartzeke".
Jarrera "aktibo eta positiboa"
Eguneroko sei egoera hautatu dituzte, eta bideo bana egin dute: esaterako, zenbait egoeratan lehen hitza euskaraz egitearen inguruan; ikasten ari direnekiko jarrerari buruz; haurrei euskaraz eta bikotekidearekin erdaraz egiteaz... Ikusgai dira dagoeneko horietako lau, www.aldatutxipa.eus webgunean. #aldatutxipa traola erabiliko dute.
"Euskaldun garenontzat, ez gara ezer berria esaten ari", azaldu du Baztarrikak. Argitu du ez datozela "inori errieta egitera", baizik "hiztun bila". Poziktibity kanpainaren barruan dago egitasmoa, eta jarrera "aktibo eta positiboa" bultzatu nahi dute, umorearen bidez.