Euskal kostaldeko ura gradu bat igo da 30 urtean, eta floran kalte egin du

Hamar urtean behin itsasoaren tenperaturak 0,33 gradu gora egin du udan, EHUko ikerlari talde batek frogatu duenez

Kostaldeko herrietan biltzen den itsas belar mota da kalte gehien izan duena. EIDER GOENAGA.
jon olano
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko urak uda garaian izan ohi duen batez besteko tenperaturak gradu bat egin du gora 1980ko hamarkadatik hona, eta horrek kalteak eragin ditu euskal kostaldeko itsas landaredian. Horrela frogatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Itsas Bentos ikerketa taldeak.

Talde horren artikulu bat argitaratu du Estuarine, Coastal andShelf Science nazioarteko aldizkariak —Seaweed assemblage changes in Eastern Cantabrian Sea and their potential relationship to climate change (Itsas belarren aldaketa Ekialdeko Kantauri itsasoan, eta klima aldaketarekin izan dezakeen harremana)—. Azterketak aditzera ematen duenez, tenperaturaren igoeraz gain klima aldaketak eragindako beste aldagai batzuk ere garrantzitsuak izan dira itsas landarediak jasandako kaltean; hain zuzen ere, udaberrian eta udan euri gutxiago egin izanak eragin du itsasoko ura gardenagoa izatea, eta landareak zaurgarriagoak izatea.

Ikerketaren arabera, uraren tenperaturak 0,24 gradu zentigradu egin du gora hamarkada bakoitzean 1980ko hamarkadatik hona, eta igoera hori 0,33koa da udan. Hortaz, 30 urtean gradu bat igo da udan batez beste euskal kostaldearen tenperatura. Aldaketa oso adierazgarritzat jo dute ikerketaren egileek, eta «espezie batzuen iraupenean» izandako eragin okerra nabarmendu dute.

1991. urtean eginiko azterketa baten emaitzak baliatu ditu taldeak, 2008an Bizkaian eta 2009an Gipuzkoan zonalde berdinetan laginak jaso eta 1991ko datuekin alderatzeko. Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko hainbat gunetan hartu zituzten laginak, eta, ikerlarien arabera, bi herrialdeetako itsasoan antzeman dituzte tenperaturaren gorakada eta landarediak erasandako kalteak. Adibidez, Bakion eta Gaztelugatxen (Bizkaia) ugariak ziren alga laminariak «guztiz» desagertu direla ohartarazi dute. Areago, fenomeno hori Kantauri itsaso mendebalderaino zabaldu dela erantsi dute EHUko ikerlariek, Espainiako eta Galiziako hainbat ikerlariren lanek diotena aintzakotzat hartuta.

Bilakaerari so

Etorkizunera begira, Isabel Diez ikerlariak zail ikusten du fenomeno horren bilakaera zein izango den iragartzea: «Zenbait faktorek aldi berean elkarri eragitetik datoz. Xehetasun gehiago jakingo ditugu landa lanetan zein laborategian aurrera eramaten ari garen proiektuei esker». Jose Maria Gorostiagak, Isabel Diezek, Nahiara Mugerzak, Alberto Santolariak eta Unai Ganzedok hartu dute parte ikerketan, eta denek egiten dute lan EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.