Euskal Lurralde Elkargoari buruzko herritar foroak eginen ditu Batera-k

Azaroaren 18 eta 19an, lurralde elkargoaz mintzatzeko aukera izanen da Ipar Euskal Herri guztian

Sebastien Castet, Martine Bisauta eta Jakes Bortairu, Batera-ko kideak, atzo eginiko prentsaurrekoan. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala aldarrikatzeko, mobilizazioak inoiz baino gehiago segitu behar du, Batera plataformaren iduriko. Hori dela eta, «aldarrikapena plazaratzeko eta eztabaida aberasteko xedez», azaroaren 18 eta 19rako hainbat herritar foro antolatuko dituzte, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin zehar.

Iragan uztailaren 9ko biltzar nagusian adostu ekitaldi horien berri eman zuten atzo Sebastien Castet, Martine Bisauta etaJakes Bortairu plataformako kideek.

Mobilizazioaren behar gorri hori aktualitatearekin lotzen dute. Hain zuzen, Bortairuk azaldu du aldarria entzunarazi behar dela, ikusirik Frantziako Gobernuak xede duen lurralde kolektibitateen berrantolaketak dakarzkien «mehatxuak» geroz eta «azkarragoak» direla eta erreformak Ipar Euskal Herriaren gero instituzionalari buruz ez duela ezer formulaturik. Horrez gain, gogorarazi du iazko martxoan 34.500 lagunek baino gehiagok parte hartu zutela Euskal Lurralde Elkargoari buruzko herri galdeketan, eta orduan herritarrek borrokan jarraitzeko «mandatua» eman zietela.

Foro horien bidez aldarrikapena zabaltzeaz eta eztabaida sortzeaz gain, gaia sakontzeko asmoa dute, Castetek adierazi duenez. Nahiz Korsikako egituraketa adibidetzat harturik lurralde elkargo proposamen bat landua ukan, argi dute ez duela Batera-k bakarrik gogoetatu eta eraiki behar. Ahal bezain bat herritarrekin nahi dute landu, ikertu, sakondu eta gauzatu. Foro horietarik aterako diren ideiak eta proposamenak Garapen eta Hautetsien Kontseiluei helarazteko asmoa ere badute. Erreformak dakarren pays egituraren desagerpenarekin bi Kontseiluak kinka txarrean izanen dira, eta haien geroari begira gogoeta fase bat dute abiaturik. Haien gogoeta aberastu nahian, ekarpenak egin nahi dituzte, «ez delako adituen eztabaida bat izan behar, baina bai herritarrena».

«Baldintza guztiak hor dira»

Euskal Lurralde Elkargoa sortzeko «baldintza guztiak hor dira», plataformaren iritziz. Lurraldea berrantolatzeko garaia, herritarren nahia eta Hego Euskal Herrian martxan den bake prozesua, «elementu anitzen bat etortzeak dakar erratea orain dela momentua». Soilik nahikari politikoa eskas dela erran, eta uste dute mobilizazioari esker hori ere lor daitekeela.

Justuki, datorren urtean izanen diren Frantziako presidentetzarako hauteskundeei begira, «eragina ukan» nahi dute, eta hautagaiak interpelatzen hasiko dira laster. Hori ere uztaileko biltzar nagusian erabaki zuten plataformako militanteek. Orduan, Euskal Lurralde Elkargoaren aldarrikapenari begira Frantziako Estatuak duen «mespretxua» eta «erantzunik eza» ikusirik, «doinua azkartu» beharra azpimarratu zuten, eta 2012an iraganen diren bozketak izan arte eginbeharrekoa adostu beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.