Dezentralizazioaren erreformaren arduradun Marylise Lebranchu ministroarekin biltzeko ordezkaritza plurala eta zabala hautatu du Hautetsien Kontseiluak.Colette Capdevielle (PS), Sylviane Alaux (PS), Frederique Espagnac (PS) eta Jean Jacques Lasserre (Modem) parlamentariez gain, Max Brisson (UMP), Jean-Mixel Galant (AB) hautetsiak etaJean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidentea joanen dira urriaren 11n Parisera, Ipar Euskal Herriaren gobernantzariburuz eraman gogoeta aurkeztera.
Deszentralizazioaren erreformaren barruan Ipar Euskal Herriari buruzko atal berezi bat izatea galdatzeaz gain, lurralde elkargoaren hipotesia ikertzeko ere eskatuko diote Lebranchuri. Ipar Euskal Herriarentzako den egituraketaz «harago joan beharra» azalduko diote: «Batetik, paisaia instituzional berri bat sortzen ari delako, eta, bestetik, gaur egungo antolaketak mugak ezagutzen dituelako Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketa garrantzitsuei aurre egiteko orduan», Hautetsien Kontseiluaren arabera. Gaur egun, elkarte moduan funtzionatzen du egitura horrek, baina euskal lurralde elkargoaren proposamena zehazki aztertzen dabil, Pays egituren desagerpena dela-eta Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseiluaren geroa zalantzan delako. Proposamena iragan irailaren 6ko biltzar nagusian adosturik, Parisera eraman zuten, Senatuan azter dezaten. Proposamenarekin bat egiten du Hautetsien Kontseiluko %75ek. Hain zuzen, 72 kidek osatzen dute elkartea, baina 58k dute haien postura argitzea onartu, eta horietan 45 dira alde agertu.
Lebranchu Miarritzen, bihar
Euskal ordezkaritzarekin elkartu bitartean, bihar egonen da Lebranchu Miarritzen (Lapurdi), herri eta hiri elkargoen 23. topaketen kari. Lurralde berrantolaketaz eginen den eztabaidaren bukaerako hitzartzea eskainiko du Gare du Midi deitu gunean. Nahiz Euskal Herrian izan, ez da ezagupen instituzionalaz hitz egiteko hitzordua izanen, haatik. Alderdi abertzaleek jakinarazi dutenez, ez dute bertaratzeko gomitarik ukan, eta Batera plataformak ez dio hitzordurik galdatu. Cecile Duflot Lurraldeen berdintasunaren ministroa ere bertan egonen da etzi, tokiko ekimen publikoei buruzko eztabaidan parte hartzen.
Mintegia bihar eta etzi
Deszentralizazioaren III. Akta marrazteko bidean, pauso berria emanen dute Parisen ere, tokiko demokraziari buruzko mintegiaren kari. Irailaren 13an Baionan egin zen gisara, departamendu anitzetan berrantolaketari buruzko hausnarketa eraman ondoan, Senatuan eginen dute ariketa bihar eta etzi. Egiten ari diren urrats horieta guztietan Euskal Herriaren xedea entzuna izatea nahi du Hautetsien Kontseiluak.
Ezagupen instituzionala lortzeko «aukera historikoa» ikusten badu ere,zaila izanen dela argi du Hautetsien Kontseiluak. «Hori lortzeko, zinez konbentzigarriak eta borrokalariak izan beharko dugu; elkartasun handia beharko dugu gure a0rtean, ez delako erraza izango... Erraza izatea ezinezkoa da», egituraren presidentearen hitzetan. Izan hautetsi edota herritar xume, guztiek eskaera bera entzunarazi beharra daukatela diote parlamentariek. «Elkartasuna beharko dugu ukan gure artean, diskurtso bera eraman beharko dugu guk Parisen, eta hautetsi eta eragileek hemen», dio Capdeviellek.
Horren haritik egin zen urratsa larunbatean, Batera plataformak antolatu jardunaldietan. Ezkerretik eskuinera, ideologia abertzale oro barne, 300 lagunek berretsi zuten orduan lurralde elkargoaren sortzeko beharra. 2015erako elkargoa gauzatzea galdatu zioten Frantziako gobernuari.
Euskal ordezkaritza plurala bilduko da Deszentralilzazio ministroarekin
Alaux (PS), Galant (AB), Lasserre (Moem), eta Brisson (UMP) egonen dira, besteak beste, Marylise LebranchurekinEuskal lurralde elkargoaren hipotesia aztertzea galdatuko diote ministroari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu