Jaiki Hadi mediku elkarteak gaixotasun larriak dituzten presonafarren egoeraren berri eman zuen atzo Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean. Lau dira preso horiek: Iñaki Erro, Jesus Maria Mendinueta, Iñaki Etxeberria eta Josetxo Arizkuren. Horietako lehenbiziko biek beteta daukate hasieran ezarritako zigorra, eta Parot doktrina aplikatu izanaren ondorioz jarraitzen dute preso.
Jaiki Hadi-ko Mari Cruz Landa eta Koldo Morras medikuek eta Oihana Barrios psikologoak eman dute lau presoen egoeraren berri, Bilduk eta NaBaik gonbidatuta. Hala, preso horien osasunerako eskubidea aldarrikatu dute, eta segurtasun neurrien gainetik eskubide hori lehenestea eskatu.
Barriosek azaldu duenez, Nafarroako Parlamentuko talde guztiek «errespetuz» entzun dituzte haien azalpenak, eta «inork ez du ukatu aldarrikapenen logika eta beharra». Edonola ere, UPNk, PSNk eta PPk «benetako eztabaida desbideratu» egin dutela nabarmendu du, eta gaiari heldu beharrean eta «giza eskubideen aldarrikapenaz» hitz egin beharrean, «politikoak» diren gaiak azalarazi dituztela adierazi du.
Halere, azalpenaren «balorazio ona» egin du mediku elkarteak, eta «aurrerapausotzat» jo du parlamentua bezalako gune batean gaia landu izana. Era berean, Herrira mugimenduak datozen asteetan deitutako mobilizazioekin bat egin du, eta horietan parte hartzera deitu du: «Gizarte osoaren inplikazioa behar duen borroka bat da hau».
«Haize kontra»
Hain zuzen ere, Herrira mugimenduak deitutako elkarretaratzea izan zen atzo parlamentuaren aurrean, Osasun Batzordean bilkura egiten zen bitartean. Mugimenduko kide Fran Baldak «ontzat» jo du gaia aztertu izana, eta «preso gaixoen kaleratzearen alde dauden alderdiak» txalotu ditu. Gainerakoei, ordea, «haize kontra» ibiltzea leporatu die, «jendea espetxe politika honen desaktibazioa» eskatzenari baita.
Euskal preso gaixoen egoeraren berri eman dute Nafarroako Parlamentuan
Alderdiek azalpena «errespetuz» entzun dutela nabarmendu du Jaiki Hadi elkarteak, eta «aurrerapausotzat» jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu